Irailaren 6an, 16:00etan hasiko dira festak Elduainen, suziri eta kanpaiak joz. Ordu berean egingo dute Batukada tailerra ere, Batumore taldearekin. Arratsaldean, tortilla patata pintxoez eta batukadaz gozatzeko aukera izango dute eta 19:30ean, Berrobiko Txalo-talo taldeak antzerkia eskainiko du. Iluntzean, erromeria nagusituko da Ingo al Deu taldearekin.
Batzuk aurreko egunean parranda eginda egongo badira ere, goiz hasiko da eguna larunbatean. Izan ere, auto klasikoen KDDa dute prest 10:00etarako. Bi ordu beranduago punteria neurtzen hasiko dira, toka txapelketa eginez. Herritarrak gosetzen direnerako, prest izango dute herri bazkaria eta arratsaldean, umeak bihurtuko dira protagonista puzgarriekin, jolasekin eta apar festarekin. Larunbatean ere egongo da parranda Basajuan taldearekin dantza eginez.
Azken eguna ere bete-betea izango dute Elduainen. Batzuk mezan dauden bitartean, besteak frontoian jokatuko diren pilota partidez gozatzen egongo dira. 12:00etan hamaiketakoa egingo dute eta gustu guztietarako janaria egongo da. Arratsaldean ere izango da zertaz gozatua Alurr dantza taldearekin eta txokolate jatearekin. Eta festak umorez amaituko dituzte Cocabeats Comedia bikotearen emankizuna ikusiz.