Elduaingo ondare historikoa egonkortzen

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urr. 18a, 09:06
Sarobealdeko karobia

Udalaren eta Burdina taldearen arteko elkarlanari esker Errotazarreko aurrealdea sendotu dute eta Sarobealdeko karobia berreraiki dute; ez dira lan bakarrak izan.

Burdina taldearen eta Elduaingo Udalaren arteko harremana emankorra izaten ari da oso. Azken zortzi urteetan sei karobi eta errota bat berreskuratu ahal izan dituzte, eta horietan azkenak Errotazar errota eta Sarobealdeko karobia izan dira.

2015ean hasi ziren Errotazar berreskuratzen eta jada itxuraldatu dute, azken pausoa aurrealdea sendotzea izan delarik. «Lehenik eta behin hondarrak landaretzatik atera genituen, eta ondoren, lurra atera genuen. Arkupeak lurperatuta zeuden, ur tangan zegoen lurra ere kendu dugu... Errotaren paretak adreiluekin berreraiki ditugu, eta itxura berria du», esan du Burdina taldeko Manu Izagirre arkeologoak. Kultur ondarea berreskuratu ahal izateko lanak bukatu dituzte beraz, eta orain zabalkundeari lotutakoak geratzen direla esan du Burdinako Xabier Arrutik. «Udalaren esku geratzen da aurreratzean zer egin. Elduainen karobi eta errota asko berreskuratu ditugu eta horien guztien berri ematea da interesgarria, jendeak ezagutu ditzan», gaineratu du.

Jose Angel Urkizu alkateak ere asmo bera nabarmendu du: «Oraindik ez dakigu nola eta noiz egingo dugun, baina gure asmoa berreskuratutako elementu hauen guztien berri ematea da, panel batzuk edo jartzea, eta zirkuitu moduko bat egitea».

Errotazarri buruzko datu askorik ez dutela esan du Izagirrek: «Tolosako artxiboan eskaera egina dugu, eta datozen asteetan erantzungo digute, baina oraingoz ez dugu askorik. XVII. mendekoa izan daiteke, baina ziur ez dakigu». Datu askorik ez badute ere, jakin badakite errota ez dela ohikoa. «Oso handia da eta hori berezia da. Hiru errotarri pare zituen, garrantzitsua zen, beraz», esan du Arrutik. «Hau ez da herriko errota bakarra, badakigu Arrosin eta Uganen ere bazeudela, baina ez dugu datu askorik», esan du alkateak.

KAROBIA

Errotazarreko aurrealdearen sendotzea ez da Burdina taldekoek eta herritarrek egindako aurtengo lan bakarra, Sarobealdeko karobia berreskuratzen ere aritu baitira.

«Sarobealdeko karobia Elduainen berreskuratutako seigarrrena da. Berreskuratutako lehena Ollokikoa izan zen, eta gainontzekoak herrigunean daude. Seigarren hau oso hondatuta zegoen. Berreraiki egin dugu eta lan asko egin behar izan dugu, baina jada bukatu dugu. Bi karobi mota daude, estilo frantziarra dutenak eta zaharragoak direnak, Sarobealden berreskuratu duguna estilo zaharrekoa da», esan du Burdina taldeko Xabier Arrutik.

ONDAREA

Sei karobi. Burdina taldearen lanari esker Allani, Goikoetxea, Kamioetxe, Gorrane, Sales eta Sarobealdeko karobiak berreskuratu dituzte.

Hiru errota. Hiru errota berreskuratu dituzte, horietan azkena Errotazar.

Argazkian, Errotazar errota

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!