Plan Orokorra, Elduain biziberritzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urr. 17a, 09:05

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritu behar dute Elduainen; aurrerapen dokumentua aurkeztuko diete herritarrei, gaur, kultur etxean.

Elduainen herria biziberritu nahi dute eta jende berria erakartzeko, plan orokorra baliatu nahi dute. Datozen bi urteak emango dituzte Hiri Antolamendurako Plan Orokorra egiten, eta lehen urratsa gaur bertan emango dute, plan orokorraren aurrerapen dokumentua aurkeztuko baitiete herritarrei 19:45etik aurrera, Larte kultur etxean. Aurkezpena Borja Izaskun udal arkitektoak egingo du eta esan du gaurko asmoa herritarren ekarpenak jasotzea ere badela. «Indarrean dauden arau subsidiarioek 20 urte inguru dituzte eta legeak dio Plan Orokorra berritu behar dela, eta horretan gabiltza». Momentu honetan udalak dituen irizpideen arabera diseinatutako aurrerapen dokumentua dute prest, eta herritarrekin partekatu nahi dutela esan du Izaskunek. «Oraingoz herrigunea lantzen ari gara; etxebizitzak, sistema orokorrak eta abar. Landa eremuari dagokionez, zein irizpide hartu behar diren kontuan ari gara aztertzen».

 

ERREALITATEARI BEGIRA

Irizpide nagusia da herritar berriak erakartzea, beti ere Elduaingo errealitatea aldatu gabe. Bide horretan ez da lehen urratsa, dena den, inkesta bat ere bete baitzuten herritarrek etxebizitzaren erabilerari buruz, eta horiek ere hartuko dituzte kontuan. «Duela 20 urte idatzi zen indarrean dauden arau subsidiarioak eta horrekin batera etxebizitza multzo bat egiteko ideia zegoen, baina 50 etxebizitzetako multzo horretatik 25 bat bakarrik eraiki dira. Hamar bat urte dira ez dela etxebizitzarik egin Elduainen», esan du.

Bizi ohiturak aldatuz joan direla ere esan du arkitektoak eta arau subsidiarioak horretara moldatu behar direla. «Baserriak etxebizitza bat baino gehiagotan banatzeko aukera jaso nahi dugu, esaterako. Horrelako gaiak landu nahi ditugu». «Herrigunean badago landa eremu nahikoa etxebizitzak egiteko eta badago ere etxeak banatu eta etxebizitza gehiago ateratzeko aukera, baina etxe horietako jabeekin ez gara akordio batera iritsi, hori lortzeko bideak aztertu nahi ditugu», gaineratu du.

Etxebizitzak egin bai, baina horien prezioak zaindu nahi dituzte. «Oso garestiak badira ez dira salduko. Jende gaztea erakarri nahi dugu, haurrak izango dituztenak, herria biziberritzeko, eta horretarako prezio merkea eskaini nahi dugu».

Saiakera horretan kokatu behar da urtea hastearekin batera aurkeztutako proiektua. Erretoretxen sei etxebizitza egiteko asmoa azaldu zuen udalak, baina oraingoz ez dago eroslerik. «Horrekin ere bagaude lanean, baina garesti samarrak direla esan digute. Merkatuko prezioetatik ihes egin nahi genuen, baina hala ere, garestiak dira, egin beharreko lanak garestiak direlako. Etxea zaharra da eta eraberritu egin behar da».

Gaurko bileran herritarrei azalpenak emango dizkiete hortaz, eta ekarpenak jasotzeko epea irekiko dute. Ondoren, bi urteko epea irekiko da. «Luzerako lana da. Irizpide guztiekin Plan Orokorra idatzi eta behin behineko onarpena eman beharko zaio eta horrekin administrazioetara jo. Prozesu luzea izango da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!