Elduaingo Nazabal sendiaren eztia, Gipuzkoako onena

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 19a, 11:18
Argazkia: Goierriko Hitza

Elduaingo Nazabal familiak irabazi du Gipuzkoako XX. Ezti Lehiaketa, Zegamako Erlezain Egunean. Duela zortzi urte ere jantzi zuten Gipuzkoako txapela.

Simon eta Luis Nazabal aita-semeek Gipuzkoako XX. Ezti lehiaketako txapela jantzi zuten, atzo, Zegaman. Aurtengo edizioan 21 eztigilek hartu dute parte aurten, eta elduaindarren eztia onena dela ebatzi du epaimahaiak. Bigarren postuan Jesus Mikeleiz irundarra geratu da, eta hirugarren Jesus Aranburu hernaniarra izan da.

Ezti iluna da saritutakoa, batik bat gaztainaz eta inarraz osatua. 17-18 erlauntza dituzte nazabaldarrek, eta aitortu zuten moduan, abuztuan ateratzen dute ia ezti guztia.

Sariak Amaia Aierbek, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko kideak, eta Xabier Arrutik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazal Arloko zuzendariak banatu dituzte. Txapela Joseba Izagirre Zegamako alkateak jantzi dio Nazabali.

Lehiaketaz gain, giro aparta izan zen atzokoan Zegaman: Ezti, argizari, kandela eta abarren salmenta postuak izan ziren pilotalekuan, Jakoba Errekondok landareen inguruko hitzaldia eskaini zuen eta musika izan zen kalez kale. Rafa Gorrotxategi tolosarrak ere erakustaldia egin zuen, gozoak eginez. Arratsaldean bertso saioa izan zen Unai Agirre, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio, Igor Elorza, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus eta Iker Zubeldiarekin.

Argazki gehiago, Goierriko Hitzan

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!