«Beste garai bat izan balitz etxean egongo nintzateke»

Asier Imaz 2018ko mar. 7a, 11:38

25 urte eman ditu erremontean profesional bezala Patxi Zeberiok; egun estelarretatik eta txapelketetatik kanpo dago, baina erremonteko jokalari izaten jarraitzen du, hori bai, beste erritmo batean.

2014an itzuli zen Patxi Zeberio (Elduain, 1974) erremontera, urtebete geldirik egon ondoren ukalondoko lesioa batengatik. Geroztik lau urte pasa dira, eta Zeberio II.aren berri izatea ez da erraza. Estelarretatik kanpo, txapelketak albo batera utzita... baina erremontean jokatzen jarraitzen du. Baina ez dago inongo historia arrarorik erabaki horren atzean, alderantziz, naturaltasun guztiz iritsi da egoera horretara Zeberio II.a. 

Erremontea eta zure arteko harremana pixka bat aldatu da azken urteetan. 

Erremontea ekonomikoki ez dago oso ondo. Hori ikusita, alde positiboa bilatu behar zaio: ahalik eta hobekien pasatzea, gozatzea eta erremonteari ahal den onena kentzea. Ahal den neurrian partida gutxi jokatzen saiatzen naiz. Baina joaten naizen bakoitzean daukadan guztia ematera joaten naiz, ilusioz eta nire burua gehiegi estutu gabe.

Oriamendi enpresak apustua egin zuen erremontea kinka larrian zegoenean. Enpresarekin inongo arazorik izan al duzu?

Ez. Ahal den guztia ematen ari da. Azkenean, familia txiki bat gara; bai pilotariak eta baita enpresa ere. Bakoitzaren papera zein den garbi dago. Enpresa lan eta lan ari dela ikusten duzu, eta baita pilotariak ere, daukaten guztia ematen. Baina kontua triste dago. Denak tira eta tira ibili arren, pixka bat itzaltzen bezala ari dela ikusten duzu.

Zure kasuan, pilotari bezala, erritmoa jaitsi duzula esan daiteke.

Hori da. Lehengo erritmoa jarraitzea zaila egiten ari zitzaidan. Partida ikaragarri pila jokatu behar dituzu, eta kilometro asko egin. Egunero jokatzen hasten bazara, burua nekatu eta gosea joaten zaizu; ez da 25 urterekin bezala. Buruz fresko ez baldin bazaude, goserik gabe, ilusiorik gabe jokatzen duzu. Nire kasuan, saiatzen naiz partida gutxi jokatzen; joaten naizenean gozatzen eta ahalik eta maila onena ematen. Behintzat, jendeak ikus dezala baldintza on samar batean nagoela oraindik.

Galarretako osteguneroko estelarrak atzean geratu dira, beraz. 

Ez ditut jokatzen, gehienbat lanagatik. Goizean lan egiten dut eta arratsaldean joango banintzat, nire burua arrastaka bezala ikusiko nuke. Hori ez dut nahi. Tarteka jokatzen ditut, baina gehienak jaialdiko hirugarren partidak dira. Punta-puntan ez gaude, baina oraindik maila ona daukagu; ez nabil arrastaka oraindik. Hori daukadan bitartean, jokatzen jarraituko dut. Ez dakit zenbat denbora, luzera ez dudalako begiratzen. Astez aste ari naiz hartzen, eta horrela jarraituko dut ahal dudan arte.

Txapelketak ere aparte geratu dira. 

Bai. Txapelketak konpromiso handia eskatzen du. Ondo prestatu behar duzu, eta horrez gain, ilusio eta gose punttua izan behar duzu. Momentu honetan ez daukat horrelakorik, dezenteko lotura bezala ikusten baitut. Txapelketan sartzen baldin bazara, programa errespetatu egin beharra dago; eta lotura hori da nik ez dudana nahi.

Zeberio II.a eta Koteto Ezkurra erremontearen izar nagusiak izan dira urteetan. Koteto oraindik txapelketetan ikusten dugu, baina zure ideiatik urrun ez dagoela uste dut. 

Bai. Bera gehixeago segitu du, eta ilusioz aritu da, baina azken aldian dezente faltatzen hasi da, eta ikusten da berak ere ez duela lotura gehiegi nahi. Urteak ez dira alferrik pasatzen. Nire gisara, gose pixka bat joan zaiola ikusten dut. Enpresako partidak jokatzen ditu, baina ez horrenbeste txapelketa.

Bestalde, horrelako aukerak edukitzeak erremontea nola dagoen erakusten du.

Beste urte batzuk izan balira, duela bost edo sei urte etxean egongo nintzateke. Baina ez nire gogoz; atzetik datozenek bidalita, beste erritmo bat sartzen delako. Enpresa batek guk jartzen ditugun baldintza hauek onartzen baldin baditu, denon beharra dagoelako da. Azkenean, elkar hartu behar dugu denok.

Ikusleen aldetik maitasun bat badagoela ikusten dugu oraindik, eta segitzeko eskatzen digute. Horrek ikaragarri betetzen zaitu. Jendeak ikusi egin nahi zaituela sentitzen duzunean, jarraitzeko txispa ematen dizu.

Lehen, gehienbat hirugarren partidak jokatzen dituzula aipatu duzu, baina zuen izenak bigarren estelar bilakatzen ditu.

Ia, Jose Tomas eta horiek bezala hasi gara, [barreak], tarteka jokatuz. 25 urte ibili naiz profesional bezala, eta egindakoak zerbaiterako balio izango du. Ez dakit zenbat denbora jarraituko dudan, izan ere, hau hilabete batera alda daiteke. Tarteka bueltak ematen dizkiot, hau bukatu da esanaz. Egunen batean horrela izango da, bukatu da eta listo. Momentuz hurrengo larunbatera begiratzen dut, partida jokatu eta gero gerokoak.

Orain noizean behin jokatzen dituzun partida horiek nolakoak izaten dira?

Behekoen aurka baino goikoen aurka jokatzen dugu. Lehengo erritmorik ez daukagu, baina esperientzia bat dago, joko bat eta berme bat. Estelar modukoa izaten da, goikoez gain behetik gora datozenen aurka ere ibiltzen garelako.

Egun erremontista profesionalik ba al dago, ehuneko ehunean? Hau da, erremontetik inor bizi al da?

Ez dut uste inor geratzen denik. Egun, ia gehienak lan egiten dute eta gero erremontean jokatu. Azkenean, erremontea plus bat bilakatu da, kirola eginez beste soldata txiki bat lortzea. Hortik bizitzea oso zaila da, gaur egun bizitzeko ere asko behar delako. Lehen posible zen erremontetik bizitzea, baina azken urteetan hori aldatu da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!