M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2018

Makurrena ere konta daiteke eder

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mar. 3a, 20:01

Martxoaren 8aren bueltako hitzorduekin gaur hasi dira Elduainen; bortxatze baten istorioa dantzaz eta antzerkiz azaldu dute, hainbat gaztek. 

Aurkia eta ifrentzua, biak izaten dituzte gaitzek, eta biak erakusten. Aurkia bilaka liteke ifrentzu edo, alderantziz, ifrentutik atera liteke aurkia. Eta halaxe egin dute, gaur, Elduainen, hainbat gaztek: eder kontatu dute, gizartearik gaitzik makurrena. 

Martxoaren 8aren bueltan herritarrek prestatutako hitzorduei ekin diete, larunbata baliatuz, eta Emakumeen Nazioarteko Egunaren eta greba feministaren inguruko leloekin pankartak egiten aritu dira, arratsalde hasieran, hainbat belaunalditako emakumeak. 

Behin margoketa lanak amaituta, frontoiak elkartu dira elduaindarrak, dantza eta antzerkia uztartu dituen emanalditxoaz gozatzera. 2017ko Hi haiz, hi! jaialdian ikuskizun irabazlea eskaini zuten, eta Elduainen errepikatu dute gaur; tartean zen emakume elduaindar bat. 

Finean, astebururo-astebururo gertatzen den egoera bat plazaratu baino ez dute egin. Emakume talde bat parrandara irten da, eta bi lagun pixa egitera joan direnean, bat bakarrik geratu da. Norbaitek zerbait sartu dio edarian eta, minutu gutxian, gizonezko batek bortxatu egin du. Emakumea, bere onera itzuli, eta gertatutakoa kontatzen asi denean, ingurukoen gaitzesopen, aurreiritzi eta kritikak bakarrik jaso ditu: gizonezkoa babestu dute. 

Ordu laurdeneko ikuskizun xumeak asko zuen ikusteko, esateko eta pentsatzeko, eta hizketalditxoa sortu da Elduaingo frontoian. Izan ere, gazteek hainbat datu eman dituzte, emanaldia amaitutakoan; besteak beste, Espainian, 8 orduz behin emakume bat bortxatzen dutela. 

Aurkia eta ifrentzua, biak izaten dituzte gaitzek, eta eskerrak: belaunaldi berrien badute gaitza eder salatu eta mundua aldatzeko grina. 

Hasi besterik ez

Gaurko jarduerak hasiera besterik ez dira izan Elduainen, eta ostegunera bitarte zenbait hitzordu aurreikusita dituzte. Hasteko, bihar, Lilatoian parte hartuko dute zenbait herritarrek, bai batukadan, bai korrika. 

Hilaren 8an, berriz, urtero egin ohi duten moduan, herriko emakumeek ostatuan bazkalduko dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!