Duela bost edo sei urte inguru hasi ziren festa egun hau ospatzen, eta ekaineko hirugarren astean finkatua dute data, urtero guztiek kontuan hartuta izateko.
Urteroko hitzordua da honakoa eta «Eguberrietan kantari, etxez etxe, ateratzen zen diruarekin ume eta gazteentzat zerbait egin behar genuela pentsatuz» sortu zen, Izaskun Kerexeta antolatzaileetako baten esanetan. Ume, gazte eta gurasoak «giro politean» elkartzea du helburu festa honek, eta urtero lortzen dute.
Larunbatean, 09:30ean, jarri dute hitzordua plazan. Txikienek gurasoekin Elduainen bertan egingo dute ibilbide bat «bazterrak ikusi eta gauzak erakusteko». Handiagoak direnek, berriz, beste guraso batzuekin ibilaldi luzexeago bat egingo dute, oraindik zehazteko badute ere Berastegi edo Urdelar aldera.
Guztiak bazkaltzeko frontoian elkartuko dira 14:00ak inguruan. Bazkalondorenean, jolasen txanda izango da. Altxorraren bila urtero jolasten dira, eta gainera, arrakasta izaten omen duen jolasa izaten da, eta «herriko lekuak eta jendea» ezagutzeko aprobetxatzen duten pisten bidez. Ondoren, herri jolasak izaten dituzte plazan: lokotxak, zaku lasterketak, zapi jokoa, txingak...
Guztira 60-70 pertsona inguru elkartzea espero dute igandean, eta eguraldia lagun badute «sekulako» eguna pasatzeko prest daude.