«Banekien jarriko nintzela, osatzeko denbora behar nuen»

Asier Imaz 2016ko eka. 8a, 13:13

Hiru hilabete kantxetatik kanpo egon den arren, ez da geldirik egon Patxi Zeberio (Elduain, 1974). Erabat errekuperatu arte ez du itzuli nahi izan, erremontean lehiakortasunak gora egin duen seinale.

Berriro ere lesio baten ondorengo itzuleraz hitz egin behar.
Hiru hilabete geldirik egon naiz. Gerrialdea kargatuta eta minarekin, gelditzea erabaki nuen, ondo errekuperatuta itzultzeko. Ez baldin baduzu atsedenik hartzen, astero bi partida jokatuz, pixka bat errekuperatzen zara, baina berriro segidan kargatzen zaizu. Erabat osatzeko, beraz, gelditzea erabaki genuen. Egia da bi hilabeteren bueltan itzultzea espero nuela, baina pixka bat luzatu egin da.


Orain zer moduz aurkitzen zara?
Ondo, inongo arazorik gabe eta gustura. Aste pare bat lehenago ere itzultzeko moduan nengoen, baina ondo entrenatuta iritsi nahi nuen. Horrek denbora pixka bat luzatzea ekarri du, baina joko gehiagorekin itzuli naiz.


Aurreko lesioan buruari buelta asko eman zenizkion. Oraingoan?
Ez. Erabat desberdina izan da. Orduan nahiko lesio larria nuen. Tendoia justu-justu neukan, haustear. Ez genuen asmatzen nola osatu eta lehen hilabete haiek oso gogorrak izan ziren. Ez nekien ondo jarriko zen edo ez. Egoera horretan buruari buelta asko ematen dizkiozu. Oraingoan ez da horrela izan. Banekien jarriko nintzela, denbora pixka bat besterik ez nuela behar.


Nola erantzun dizu gorputzak itzulera honetan?
Beti izaten da hanketan abiadura falta pixka bat; besoetatik, aldiz, fresko sentitzen naiz. Deskantsua gauza batzuetarako gaizki etortzen da, baina beste batzuetarako ondo. Itzuli aurretik lau edo bost entrenamendu gogor egin nituen, eta fisikoki ere ondo zaindu naiz. Nahiko ondo itzuli naizela uste dut.


Kirol erronkei begiratuta, nola daukazu egutegia?
Lehenik eta behin erritmo gehiago hartu nahiko nuke. Ea astetik astera hobetzen joaten naizen. Oraindik pixka bat falta zait. Puntu on bat hartu nahiko nuke. Gero, San Ferminen inguruko txapelketa dago. Nahiko berezia izaten da, eta ea bertan sartzen naizen. Pilotari dezente daude, eta aurrelari asko. Horiekin egin beharko dut borroka, bertan sartzeko.


Nola aldatu diren gauzak...
Bai. Duela ez asko, finkoa izaten nintzen txapelketetan, banekien nirekin kontatuko zutela. Orain, beste helburu batzuk daude, eta gazte jendeari pasoa eman behar zaio. Orain borroka egin beharra dago, eta gazteek demostratu egin behar dute zu baino gehiago direla. Hori motibazioa ere bada niretzat. Sartzen baldin banaiz ondo, eta ez banaiz sartzen ere ondo. Bizitzaren legea da, eta gazteak hor egotea ez da seinale txarra.


Oraindik, ordea, geratzen zaizu erremonteari zer emana.
Gorputzak irauten duen bitartean bai. Fisikoki ondo nago, nik uste daukadan adinerako oso ondo nagoela. Kilometro dezente dauzkat, baina nik uste gazteekin borrokatzeko moduan nagoela oraindik. Horrela nabilen bitartean hor jarraituko dut. Gorputza asko sufritzen ari dela ikusten baldin badut, eta ezinean nabilela, uzteko garaia izango da. Lehiarako gaitasunik ez dudanean konturatuko naizela uste dut. Bitartean hor jarraituko dugu, beti ere epe motzeko helburuak jarriz: hiru-sei hilabeteko kontratu motzak eginez, badaezpada ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!