Elduaingo udal artxiboa katalogatzeko lanean ari dira

Maier Ugartemendia 2016ko api. 21a, 10:15
Irudian, katalogazioa lana egiten ari diren bulegoko irudia

Udalaren artxiboa behin ere katalogatu gabe zegoen, eta horrek dokumentu eta agiriak aurkitzeko zailtasunak eragiten zituen; hilabete batzuetako lana izango da

Elduaingo Udalean artxiboa osatzeko eta katalogatzeko lanetan ari dira azken asteetan. Horretan aditua den enpresa batek du artxiboa txukuntzearen ardura, eta udalean bertan egiten ari dira lan hori.

Izan ere, orain arte ez zuten behin ere artxibatze lana egin Elduaingo Udalean, eta Jose Angel Urkizu alkateak azaldutakoaren arabera, orain arte dokumentu guztiak leku ezberdinetan banatuta zeuden: «Ez genekien zer non zegoen». Horregatik, orain denak bateratu, katalogatu eta ondoren digitalizatu egingo dituzte. Horrela, behar dituzten dokumentuak aurkitzeko lanak erraztea espero dute.

Egin beharreko lana handia denez, «hilabete batzuetako» lana izango dutela uste du Urkizuk.

ALTXORRAK TOPATZEN

Dokumentalista lanean ari da oraindik, eta bertan aurkitutako artxibo berezien berri emateko goiz da oraindik, baina badirudi orain arte aurkitutako dokumenturik zaharrena 1620 urte ingurukoa dela. Hala ere, badirudi «dokumentu asko falta» direla, udaletxea erre egin omen zelako, nahiz eta oraindik ere ez dakiten zehazki noiz gertatu zen.

Dokumentu eta agiri gehienak ofizialak badira ere, zenbait «bitxikeria» ere aurkitu dituzte. Esaterako, herritar batek beste baten ardia «harri batekin akabatu zuela» ageri da dokumentu batean. Edo gerra ostean «edozein gauzengatik ordaintzen zela» ere ikusi dute, hau da, zerga asko zeudela: «Txakurrak edukitzeagatik ordaindu, arrautzak ez dakit zenbat dozena izateagatik ordaindu, bizikleta edukitzeagatik ordaindu...».

Behin katalogazioa eta digitalizazioa amaituta, udaletxean gela bat egokituko dute artxiboarentzat, eta dokumentuak «erraz» aurkitzeko moduan jarriko dituzte.

Lana amaitzen denean eta dokumentu guztiak katalogatzean jakin ahal izango da zehazki noizkoak diren aurkitutako artxibo zaharrenak, noiz izan ote zen lehen aipatutako udaletxearen sutea edo zer bitxikeria gehiago aurkitzen duten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!