Eguesi ez diote aita ikusteko baimena eman

Ataria 2016ko otsailaren 25a

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Ana Belen Egues, Kordoban dagoen preso elduaindarrari aita ikustera etortzeko baimena ukatu diote.

Bere amaren heriotzaren ondoren, otsailaren 17an, Espetxeetako Instituzioei «baimen berezia» eskatu zien Eguesek, aitari bisita egiteko. Etxeratek jakinarazi duenez, aita adinez nagusia da, eta hamar urte daramatza alaba ikusi gabe, ikustera joateko egin behar diren «1620 kilometroengatik».

Elkartetik jakinarazi dutenez, baimen horiek «haien familietan oso egoera larriak gertatzen direnean» eskatzen dituzte presoek, eta behin-behinean Euskal Herriko espetxe batera ekartzea suposatuko luke.

Etxeratek epaitegi espainiarrek egoera honen aurrean erakusten duten onarpena ere salatu du: «presioa eta xantaia areagotzeko familia egoera larrien erabilpen horren inguruan epaitegi espainol honek erakusten duen onarpen inplizitua azpimarratu nahi dugu».

Senideek komunikabide honi jakinarazi dioten moduan, "bide guztiak ez dira itxi, eta epailearen aurrean baimena lortzen" saiatuko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!