Brasilgo pandereiroaz eta bere erritmoez gozatzeko aukera

Maier Ugartemendia 2016ko ots. 19a, 13:02
Irudian, ezkerrean Tamima Brasil eta eskuinean Elena Diz

Brasilgo pandereiro tailerra izango da larunbatean Elduainen, 10:30etik 13:30era, kultur etxean; Tamima Brasil brasildarrak eta Elena Diz andaluziarrak eskainiko dute pandereiroaren erritmoez gozatzea eta musikaren taupadak sentitzea helburu duen ikastaroa


Arlo teoriko, praktiko eta emozionalak landuko dira bertan. Antolatzaileen esanetan "bizipen sentsoriala eta teknikoa" bateratuko dira, eta musika tresnaz gertutik gozatzeko asmoz, "erritmoen errepikapenak eta inprobisazio jolasak" burutuko dira.

Musika interesa duen edonori bideratuta dago tailerra, baita talde giroan erritmoen bitartez goiz atsegina igaro nahi duenari eta norberaren barne maitasuna hobetzeko urrats txiki bat eman nahi duenari ere. 20 euroko kostua du tailerrak (langabetu, erretirodun, ikasle eta adin txikikoek 10 euro), eta izena eman nahi duenak 635 74 84 86 telefonora bidali behar du whastappa.

Bestalde, Tamima Brasilek eta Elena Dizek martxan duten eLeTá proiektuaren baitan kontzertu bat eskainiko dute Tolosako Meskal tabernan, bihar, ostirala, 22:00etan.

Jakintza partekatzen

Tamima Brasil eta Elena Diz Euskal Herrian dabiltza azken egunetan euren proiektuak garatzen, eta tailerra eskainiko duten herrian, Elduainen, bildu dira Tolosaldeko ATARIArekin. Brasilen esanetan tailerrean pandereiroa Brasilera "nola iritsi zen" azalduko dute, datu historikoak emanez. Pandereiroaren arlo guztiak landuko dituzte: nola jotzen den, zer teknika duen, zer soinu dituen, teknika tradizionalak eta modernoagoak... Diezek dio instrumentua "aurkeztu" eta "ezagutu" egingo dutela, izan ere, jende askok Euskal Herriko edo Galiziako panderoa ezagutuko du, baina tailer honetan Brasilera iritsi zenetik izandako "ibilbidea" ezagutuko dute.

Historia eta ibilbidea ezagutu ondoren, pandereiroa nola jotzen den, zer material erabiltzen diren, nola eraikitzen den ere azalduko dute. Izan ere, Brasil bere herrialdean pandereiro jotzaile ezaguna izan arren luiteranoa ere bada, berak sortzen ditu pandereiroak, eta horregatik "garrantzia" eman nahi diote luteranismoari. Behin pandereiroa eskuetan izanda, behar dituen zaintzen inguruan ere hitz egingo dute.

Ezagutza eta gerturatze hori ezinbesteko lehen pausoa da, Brasilek dioenez jendea "harrituta" geratzen baita. Horren azalpena da, Brasilera espainiarren eta portugesen bitartez iritsi zela panderoa, baina ordutik bai panderoa sortzeko modua eta baita erritmoak ere "aldatu" egin zirela dio; esaterako, hemen panderoa bertikalean jotzen bada, Brasilen horizontalean jotzen da.

Herrialdean pandereiroa jotzen duten perkusionisten inguruan ere hitz egingo dute, ezagutarazteko eta norbaitek "ikertu" nahiko balu aukera emateko.

Brasildarra eta andaluziarra bat eginda

Tamima Brasilek eta Elena Dizek eLeTá proiektua dute martxan aipatu bezala, maitasuna handiz sortutako proiektua. Diz Brasilera joan zen duela lau urte musika brasildarraz "maiteminduta" zegoelako, eta batez ere panderoa zuen begiz jota. Beraz, El Salvador-era iritsi zenean, pandero klaseak nork ematen zituen ikertzen hasi zen. Hilabete batzuetan "betetzen" zuen proiekturik aurkitu, baina bat-batean bederatzi hilabeteko ikastaro bati buruz hitz egin zioten. Helburua, pandero orkestra bat sortzea zuten eta estatuaren laguntzaz sortu zen. Astean hirutan bildu behar zuten, hiru orduz, eta irakasleak Tamima Brasil, bere anaia eta ama ziren. Bizi zen lekutik ordubeteko bidaia izan arren, Diz erabat "motibatuta" zegoen eta bertan egin zuen topo lehen aldiz Brasilekin.

Orkestrarena oso proiektu berezia izan zen Brasil pandero jotzailearentzat, eta ikastaroaren amaieran proiektuarekin "jarraitzea" zen asmoa, 50-60 pandereirok osatutako taldea baitzuten. Banda ere osatu zuten bestelako instrumentu eta ahotsekin.

Orkestrarekin "leku askotan" eta "urteetan" jo zuten, eta musikako "pertsona garrantzitsuekin" jo zuten. Hori izan zen biek batera parte hartu zuten lehen proiektua.

Mundu guztian zehar jakintza partekatzen

Tamima Brasilek "mundu guztian" zehar egiten ditu tailerrak, eta "perkusionista bikaina" dela dio Dizek. Pandeiroa bere "lehen instrumentua" izan bazen ere, bestelako instrumentu asko ere jotzen ditu. Elena Diz andaluziarra denez, Espainiara ere beraien proiektuak, pandeiroak eta tailerrak eramatea erabaki zuten, Dizek bere familia bisitatzeko aukera aprobetxatuz.

Brasilen ere elkarrekin lan egiten dute tailerrak ematen, Diz laguntzaile izaten du Brasilek eta horrek jendea "gusturago" sentiarazten dela diote. "Elkarren osagarri" direla diote, eta batera gauza ezberdin asko sortzen dituzte. Brasilek dio Espainiara joateko "gogoz" zegoela, musika flamenkoa "xarmagarria" iruditzen zaiolako. Brasilen esaterako, kutxa oso instrumentu ezaguna dela dio pandero jotzaileak, nahiz eta, egokitu egin duten makurtutakoa jotzen duten eurek.

Bidaiatzeak burua eta bihotza "zabaltzen" laguntzen diela diote, beti "trukaketa" bat egon behar dela diote. Bihar, larunbata, Elduainen ere "leihotxo bat" zabaltzen saiatuko dira, beste gauza batzuk ezagutzeko. Bertan arlo teknikoaz gain, emozionala ere landuko dute, Dizek dio "musikaren zerbitzuan" egiten dutela lan beraiek.
Bikote musikala

Elena Dizek eta Tamima Brasilek bikote musikala ere osatzen dute, eLeTá proiektuan gauzatzen dena. 2014 amaieran sortu zen, eta oraindik ere garatzen ari dela dio Dizek, "haur bat" dela. "Mimo eta ilusio handiz" sortutako proiektua da, "amets bat". Proiektuan musika brasildarra, musika andaluziarrarekin edo flamenkoarekin "nahastu" egiten dute, baina baita "munduko musikarekin" ere. Perkusioa eta ahotsa ditu oinarri, eta orain El Mundo izeneko diskoa osatzen ari dira musikari laguntzaileekin eta eurek konposatutako musikarekin. Bidea egiten ari dira, euren proiektua "zabaldu" eta ahalik eta leku gehienetara iristeko.

Forma ezberdinetako kontzertuak eskaintzen dituzten, batzuetan musikariek lagunduta eta besteetan biek bakarrik "intimoagoa". Hain zuzen ere, formatu hori da azken egunetan Euskal Herrian gauzatzen ari direna, eta besteak beste, gaur, ostirala, Tolosako Meskal tabernan, 22:00etan eskainiko dute kontzertuaren formatua ere.

Euskal Herritik Bartzelonara joango dira, baina hemen "harrera oso ona" izan dutela dio, eta hona itzultzea gustatuko litzaieke.

Tolosako kontzertura edo Elduaingo ikastarora joateko aukerarik ez duenak eLeTá-ren musika entzun dezake facebook sare sozialean euren izenean duten orrian edo Soundcloud-ean ere zenbait abesti jarri dituzte. Eta informazio gehiago nahi duenak edo beraiekin harremanetan jarri nahi dutenek 695 08 00 07 telefonora dei dezake edo elenadizexposito@gmail.com helbidera idatz dezake.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!