Bi zine emanaldi antolatu ditu kultura batzordeak Elduainen

Maier Ugartemendia 2016ko urtarrilaren 14a

2-14 urte bitartekoentzat izango da filma bat, bestea 14 urtetik gorakoentzat

Elduaingo kultura batzordeak hainbat ekimen jarri ditu martxan azken aldian, herria biziberritzeko asmoz. Kirol ekintzekin hasi ziren, parke berriarekin jarraitu zuten eta Gabonen bueltan ere hainbat ekimen antolatu dituzte.

Haur eta gazteak ere kontuan izan dituzte ekimen horiek antolatzerakoan, herrian 0-18 urte bitarteko 73 pertsona baitaude. Adin tarte horretako haur eta gazteek ere biltzeko guneak izan behar dituztela uste dute, eta horregatik eurei zuzendutako zine emanaldia izango dute bihar, ostirala, Larte kultur etxean.

Bi filma eskainiko dituzte. Lehena, 17:30ean izango da, eta 2 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo da. Minions filma ikusteko 0,50 euro ordaindu beharko da sarrera.

19:30ean eskainiko dute bigarren filma. 14 urtetik gorakoei eskainia izango da, La ola filma, 14 urtetik gorakoentzat zuzenduta. Honek euro bateko sarrera izango du. Filma amaitu ondoren, berriz, aurretik izena eman duten gaztetxoek elkarrekin afaltzeko aukera izango dute Urdelar Biltokian. Bertan filmaz eta bestelako kontuez aritzeko aukera izango dute.

Abenduan eta urtarrilean antolatu dituzten ekimenak agurtzeko, urtarrileko azken ostiralean pintxo potea egingo dute Elduainen. 19:00etatik 21:00etara izango da Zentroan eta Kontsejuan.

Hala ere, aurrera begira ekimenak antolatzen jarraitzeko asmoa du kultura batzordeak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!