Alkateei elkarrizketak

Jose Angel Urkizu: «Dirua da proiektuak gauzatzeko arazoa»

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 7a, 10:52

Jose Angel Urkizu alkatearen esanetan lehendik abian zituzten proiektuak gauzatzea dute helburu epe motzean Elduaingo Udalean; nahiz eta buruan «proiektu asko» dituzten

Jose Angel Urkizu da Elduaingo alkate (EH Bildu) ekainetik. Hala ere, udaleko lanak ez dira berriak berarentzat. 2007ko udal hauteskundeetan EAE-ANVren ilegalizazioaren ondoren, PPk alkatetza lortu zuen boto bakar batekin Elduainen. Azkenean, ordea, Alderdi Popularrak herriko karguak utzi eta bost herritarrek eratutako batzorde kudeatzaile batek hartu zuen agintea udalean. Urkizu zen batzorde horretako lehendakaria, eta horregatik jada ezaguna zuen udalaren funtzionamendua.

Hilabete batzuk daramatzazu alkate karguan, zer moduzko esperientzia izan da orain artekoa?

Lehen udalean egona naiz, beraz, niretzako esperientzia ez da berria; lehengoari jarraitzea da. Legealdi berrian talde berria gaude, eta pixkanaka-pixkanaka osatzen ari gara.

Zuen herrian, herritarrek erabakitzen dute alkate nor izango den. Nola hartu zenuen boto gehien jaso izanaren albistea?

Gutxi gora behera izendatuta egoten dira hautagaien artean nor doan lehenengo, bigarren, etab. Horregatik ia jakina zen ni aterako nintzela alkate, beraz, niretzat ez zen ezusteko handia izan.

Hautetsi guztiak EH Bildukoak zarete. Nola antolatu duzue taldea?

Ederki kostata. Herri txikietan kosta egiten da taldea osatzea, herritar askok ez dute udaleko zereginetan parte hartu nahi izaten. Horregatik, gure taldea osatzeko nahikoa lan izan genuen.

Zein dira aurrera begira, datozen lau urteetarako dituzuen helburu nagusiak?

Proiektu asko ditugu buruan, baina horiek aurrera eramateko dirua izaten da herri hauetako arazoa; horren arabera ekimen batzuk burutzen dira eta besteak ez. Pixkanaka denborak erakutsiko du zer egin daitekeen eta nola. Hala ere, orain aurreko legealdian onartuta zituen hainbat kontu aurrera eramaten ari gara: LED bidezko argiztapen sistema kaleargietan, parke berria... Hemendik aurrerakoei dagokienez, berriz, izaten diren diru sarreren arabera joango lirateke proiektu berriak gauzatzen.

Herriko ondarea berreskuratzen lan handia egin duzue azken urteetan. Horretan jarraitzeko asmoa duzue?

Bai. Gainera, Burdina taldea lan ona egiten ari dira horretan. Jendeari asko gustatzen zaio eta hori aurrera eramateko eta horretan lanean jarraitzeko asmoa behintzat badugu.

Orain zer proiekturekin ari zarete lanean?

Herrian bertan kokatuta dagoen, eta erdi ezkutuan zegoen errota bat berreskuratzen ari gara. Pixka bat txukundu eta moldatzea da gure helburua; ez martxan jartzeko bezainbeste baina... Leitzaranen ere burdinola batekin lanean hasi ziren, baina momentu honetan pixka bat geldituta daukate proiektu hori.

Herritarren parte hartzeari dagokionez, Elduainen ba al dago udalean parte hartzeko ohiturarik?

Zenbait gauzetan herritarrek badute parte hartzeko ohitura; esaterako festak antolatzerakoan nabari da hori. Baina, gainontzean, udaletxeko egunerokotasunean parte hartzea txikiagoa da; gehienak udaleko zereginetatik kanpo geratzen dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!