Herriko hondakin organikoak, behinolako erara

Elduaingo Rafaela zerramak kontzejuko, zentroko eta hainbat etxetako organikoa jaten du

Zerrama dotorea da Rafaela. Nabaritzen da mimoz eta tentuz zaintzen dutela, eta hori Antxon Tejeraren lana da. Zerrama udalarena da, orain hiru urte hartu zuten herriko kontzejua eta zentroak sortutako hondakin organikoak kudeatzeko, baina zaintzeko ardura Tejerak du.

 

Elizaren ondoan dagoen baserrian dago Rafaela, hori ere udalarena da. «Ni hemen ondoan bizi naiz eta beti gustatu izan zaizkit animaliak. Txerria zaintzeko norbait behar zutela, eta niri esatean ez nuen zalantzarik izan», azaldu du. «Emazteak eta seme-alabak ere laguntzen didate, ikaragarri gustura gaude», gaineratu du.  

Zaintza lanak hartuta, ukuiluan bestelako animaliak edukitzeko aukera ematen zion udalak, eta Tejera kontentu; untxiak, oilaskoak, oiloak, txakurrak... dabiltza han bueltaka hitz egiten ari garen bitartean. «Ukuilua erabat utzia zegoen, hutsa, eta auzolanean txukundu genuen. Udalak hau dena biltoki bezala erabiltzen zuen. Laguntza asko jaso genuen», esan du.

Kontzejuko eta zentroko hondakin organikoak emateaz gain, bestelako herritarrak ere gerturatzen dira euren organikoarekin, hori bai, Rafaelari ez diote edozer ematen, eta batez ere, landare-hondakinak jaten ditu. Haragi hondarrik-eta ez diote ematen.

Herritarrek badakite zer eman behar zaion zerramari eta ondo banatuta ematen diote jatekoa Tejerari: «Ia beti telefonoz deitzen didate eta hondakin organikoekin prestatutako poltsa uzten didate ukuilu atarian, ondo moldatzen gara. Normalean beti jende berdina izaten da».
Rafaelak ez ditu herrian sortutako hondakin organikoak bakarrik jaten, hala ere, hori ez da nahikoa, eta pentsuak ere ematen dizkio, «udaletxeak badu diru bat gordea horretarako», azaldu du.
Tejerari nabari zaio egiten duen lana gustuko duela, eta udalean ere kontentu daude egiten duenarekin, hori dio Joxe Angel Urkizu alkateak: «Kontentu gaude. Askotan etortzen naiz ukuilura laguna dut eta, eta lan txukuna egiten du».

Alkatea bakarrik ez, herriko haurrak ere askotan joaten omen dira ukuilura animaliak ikustera, batez ere, kumeak izaten dituenean. «Garai batean baserri guztietan egoten ziren txerriak eta normala zen, baina galtzen ari den zerbait da, eta umeak gustura etortzen dira zerrama eta kumeak ikustera».

Txerrikumeen zozketa

Zerrama bakarrik dute, baina apote batekin kumeak emanarazten dizkiote eta erdiak herriarentzat izaten dira eta beste erdiak Tejerarentzat.

Oraintxe hirugarren zozketa abiarazi dute. Rafaelak 16 kume izan zituen orain 15 bat egun, baina horietako bat hil zen. Herritarren artean 7 zozkatuko dituzte.

Herritarrek uztailaren 13a baino lehen eman beharko dute izena udaletxean eta 10 euro ordaindu, horiek artean egingo dute zozketa. «Batzuk etxean gizentzeko erabiltzen dute eta beste batzuk txerrikumeak jateko nahi izaten dituzte. Baina denak gustura», esan du zaintzaileak.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!