"Sekulako ilusioarekin jokatzen dut"

Maier Ugartemendia 2015ko mai. 3a, 12:00

Hogei urte beteko ditu maiatzean Patxi Zeberiok (Elduain, 1974) erremontean profesional bezala jokatzen hasi zenetik. Urte hauetan lortutako esperientzia du bere alde, eta momentu oso onean dagoela erakutsi du, iragan asteburuan Sagardoaren Txapelketan txapela jantzita Endikarekin batera, Uterga-Olazar bikoteari irabazita. Bizi duen momentuari buruz eta erremonteari buruz hausnartu du TOLOSALDEKO ATARIA-rekin batera.

Momentuko erremontista zarela irakurri dut zenbait lekutan. Zer nolako momentua bizi duzu?

Azkeneko bi edo hiru hilabetetan joko dezente hartu dut, nahiko eroso sentitzen naiz kantxan, partiduak alde ateratzen ari zaizkit eta emaitzak ere nahiko ondo doaz. Lehen lesio txar baten ondorioz urtebete nahiko juxtu pasa eta hilabete mordoa pasa dut nire maila berreskuratu nahian. Jada nire lekua bilatu dut, erritmo onarekin nabil eta joko pixka bat hartu dut.

Momentu hauek aprobetxatzekoak izango dira, ezta?

Bai, aprobetxatzen eta gozatzen saiatzen zara. Horrela zaudenean gozatu egiten duzu. Minik ez daukat eta hori da garrantzitsuena. Badakit berehala beste aldekoa etorriko zaidala, sufritzea egokituko zaidala… Emaitzak kontra hasten direnean eta jokoa joaten zaizunean, sufritu egiten da; baina momentuz ondo nabil eta ea honek irauten duen.


Lesioaren ondorioz urtebete geldirik egon ostean, itzuli zinenetik urtea betetzera doa. Jada atzean utzi al dituzu mamu horiek?

Bai, bukatu zen. Iazko ekainean itzuli nintzen, lehenago urtebete osoa pasa nuen kantxetatik kanpo, eta pentsatuz ez nintzela berriro itzuliko. Lesio txar bat nuen ukalondoan, tendoi bat hautsia neukan. Milaka istorio pasa ondoren, proba eta entrenamendu askoren ondoren, ezinean ibili ondoren, berriro ere lortu nuen sendatzea, joko pixka bat hartzea eta kantxetara bueltatzea. Jokatuz eta lan pixka bat eginez jada ahaztuta daukat, mina aspaldi joan zitzaidan eta konfiantzaz gainezka nago. Beti saiatzen naiz besoa zaintzen, baina egia da jada ondo nagoela.

Ez ziren momentu errazak izango…

Txarra da. Hasieran masajistarekin, medikuekin eta inguruko jendearekin hasten zara zer egin daitekeen aztertzen. Mila istorio pasa, entrenatzera itzuli eta aurreneko egunean bezala sentitzen zara. Hilabeteak pasa eta banekien tendoia oso behartua zegoela. Ez nintzela itzuliko pentsatzen nuen. Sekulako mina ematen zidan eta bizitza normalerako ere sekulako mina ematen zidan.

Baina, azkenean, hazkunde faktoreak deitzen zaienak direla eta, Gasteizko Mikel Sanchez mediku famatuak asmatu zidan nola sendatu.

Txapel mordoa irabazitakoa zara, eta oraintxe bertan ere bi final jokatu berri dituzu.

Urtebete geldirik egonda eta nire adinarekin ez da erraza berriro ere punta-puntan sartzea. Gazteak indartsu etortzen dira, eta erritmoa galtzen duzu. Egia da sekulako lana egin dudala, eta emaitzak hor etortzen direla. Hortaz, puntan egoteak eta finaletan egoteak, niretzat asko esan nahi du.

Maiatzean hogei urte beteko dira profesional bezala erremontean jokatzen hasi zinenetik. Lehen eguneko ilusioarekin jarraitzen al duzu?

Bai, urte asko pasa dira eta segituan pasa dira, gainera. Baina egia da sekulako ilusioarekin jokatzen dudala. Beti ateratzen dituzu gauza positiboak. Partidu guztiak desberdinak dira, eta denetan ateratzen duzu zerbait positiboa. Egia da ni baino askoz gazteagoen aurka ari naizela jokatzen, hor dauden aurrelari gehienak ni baino hamar urte gutxiago dituzte. Azkenean nik ere harrotasuna sentitzen dut, hor jarraitzea daukatela ikusten dut eta beraien mailan nagoela ikusteak ere pizten du zure ilusioa.


Kirolarien bizitza profesionala nahiko gazterik amaitzen da normalean, baina zure kasuan ez da horrela izan. Hogei urte profesionaletan eta hala ere punta-puntan jarraitzen duzu. Nola ikusten duzu zure etorkizuna?

Askotan iruditzen zait hari batetik zintzilika gaudela. Daukadan adinerako eta jokatu ditudan partidu guztiak jokatuta, fisikoki oso ondo nagoela uste dut. Minak izaten ditut, baina momentuan nahiko arin eta bizkor nagoela uste dut. Etorkizuna nolakoa izango den ikusi egin behar. Egunetik egunera joan behar da. Ez da 22 urterekin bezala. 22 urterekin lesio bat izan eta errekuperatzeko gaitasuna duzu. Orain edozein lesio txarrekin hiru edo lau hilabete kantxetatik kanpo egonda asko kostatzen da errekuperatzea, eta partidutik partidura ere asko kostatzen da errekuperatzea. Ez dakit zenbat denborarako izango den, baina momentuan gozatzen saiatzen naiz.

Esperientzia behintzat zure alde izango duzu.

Esperientziak asko egiten du. Hogei urtean, astero bi edo hiru partidu jokatu ditut; pentsa zenbat partidu diren! Jakin behar duzu momentu bakoitzean zer pilota atera, lagunarekin nola jokatu, aurkaria aztertzen ikasten duzu, puntu ahula non duen, atzelariarekin bat egin eta bien artean joko indartsua ateratzen duzu… Askotan gaztetan izaten duzun freskotasunak baino, esperientziak gehiago balio du.


Zurekin jokatzen duten gazte askok erreferentziatzat ere izango zaituzte, ezta?

Aldageletan elkarri adarra jotzen aritzen gara. Giro ona dugu eta oso ondo eramaten gara. Nire adinarekin nagoela eta oraindik jokoan nagoela esaten didate. Miresten naute eta gure artean maitasuna badagoela ikusten dut. Duela gutxi lau gaztek egin zuten salto profesionaletara eta ikusten duzu idolo bezala zu hartzen zaituztela, eta niri hori oso arraroa egiten zait. Baina, hori da bizitzaren legea. Guk gure garaian beste batzuk genituen erreferentziatzat eta hauek gu gaituzte.

Badirudi erremontea ez dagoela bere momenturik onenean. Aurrera begira, zuk nola ikusten duzu erremontearen egoera?

Hori ere hari batzuetatik zintzilik dago. Erremonteari gizarteari gertatu zaion berdina gertatu zaio. Gizarteko zenbait sektore oso kaltetuta daude, enpresa pila bat itxi dira, eta erremonteari ere izugarri eragin dio. Azken hamarkadan izugarrizko beherakada izan da; jende aldetik baino gehiago, apustu aldetik. Ez dago lehen bezalako dirurik eta jendeak ez dauka dirua gastatzeko. Erremontea azkenean bizio bat da eta harea joateak gastu bat dauka. Etorkizuna beltz samar ikusten dut, eta egunetik egunera tira egin behar da. Laguntza pixka bat badago, baina laguntzengatik ez du aurrera egingo. Bere burua defenditu behar du eta horretarako ikusten dudan forma bakarra ikuskizun ahalik eta onena ematea eta ikustera etortzen den jendea gustura gelditzea da. Gizarte bezala honek aurrera egiten ez badu, denborarekin agian ateak itxi egin beharko dira.

Zuk erremontearen garai ezberdinak ezagutu dituzu.

Ez dauka zerikusirik ni sartu nintzenetik hona. Nik uste erremonte unerik onenak guk harrapatu genituela. Garai batean Madrilen eta oso indartsu egon zela esaten dute, baina hemen egon denetik joko aldetik eta apustu aldetik, nik uste urte oso onak harrapatu ditugula. Lehendik orainera izugarri jaitsi da, bai publiko aldetik eta baita jaialdietatik ere. Lehen bi frontoietan jokatzen genuen, orain bakarrean. Eta lehen agian hamalau partida jokatzen genituen hilean, eta orain zortzi partida jokatzen ditugu. Dena aldatu da, egia esan.

Bestalde, zuk aipatu bezala lau gaztek debutatu berri dute. Harrobirik ba al dago?

Lau edo bost eskola badaude, eta gazteak beti ateratzen dira. Hasieran martxa hartzea asko kostatzen den joko bat da, baina behin hartzen duzunean asko gozatzen dena. Oso sentsazio ona da erremontean jolastearena, oso polita. Probatu eta gustatzen zaionak izugarrizko afizioa izaten du, eta droga bat bezala da; behin sartzen bazara, oso zaila da uztea. Maila bat hartzen baduzu posible da debutatzea. Lau gaztek debutatu dute eta maila oso onarekin egin dute, gainera. Hori seinale ona da. Debutaren egunean sekulako giroa zegoen, gazte ugari joan zen ikustera, eta azkenean gazteak mugitzen du afizioa. Ea denon artean aurrera ateratzen dugun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!