«Larunbateko finala oso irekia dago»

Asier Imaz 2015ko api. 22a, 12:48

Patxi Zeberio, ezkerrean, Binakako Txapelketan. MAIALEN ANDRES

Beste final bat jokatuko du Patxi Zeberiok, oraingoan Sagardoaren Txapelketakoa.

Erremonteko Sagardoaren Txapelketaren finala jokoan izango da larunbatean Galarretan 16:00etatik aurrera jokatuko den jaialdiko bigarren partidan. Lehenengoa sailkatzen Patxi Zeberio elduaindarrak eta Endikak osatzen duten bikotea izan da. Beraien aurka ariko dira asteburuan txartela lortu duten Uterga eta Olazar.

Gustura izango zara beste final batera iritsita.

Bai, pozik. Egia da txapelketa ona egin dugula, finalean sartu eta aukerak ditugu irabazteko. Nire adinean final batera iristea pozgarria da.

Sagardoaren Txapelketa ez da ohikoa txapelketa, ezta?

Ez da urtean zehar bikoteka egiten den txapelketa indartsuena, baina azkenean, lehen eta bigarren mailako pilotariak daude, pilotari garrantzitsuenak hor daude, eta azken finean, txapelketa edo torneo bat iaten denean, hor goran bazabiltza, seinale ona da, lehiakor zabiltzala.

Nola aritu zineten bai zu eta baita zure bikotea ere txapelketaren lehenengo fasean?

Hasieran oso ondo hasi ginen. Partida bideratuta genuen, eta azkeneneko unean galdu egin genuen, baina nahiko partida ona eginda. Nik esan nion Endikari horrelako jokoa ateratzen bagenuen, finalerdietarako txartela eskuragarri genuela. Eta egia da nahiko joko ona atera dugula, finalerdietara sartu ginen, eta hor aurreneko bi partidak irabazi eta automatikoki finalean sartu gara. Finalerdietan oraindik zertxobait gora egin dugu, eta joko oso ona atera da. Endika orain gutxi arte aurrelaria zen, orain atzelaria da, egonkortuta dagoen pilotari bat da, eta sekulako partidak egin ditu: kantxa osoa hartuz, niri asko lagunduz, konfiantza asko emanez eta uste dut bion arteko konfiantza dagoela, eta txapelketa ona egin dugula.

Finalerdietarako bigarren partidan 32 puntu egitea nahiko zenuten, baina irabazi egin zenuten Etxeberria anaien aurka.

Aurreneko partida irabazi genuen, eta Kotetok bertan behera utzi zuela eta, ligaxka bat egin behar izan dugu gure artean, eta bigarren partidan tokatu zitzaigun 32 tanto egin beharra. Nahiko partida indartsua izan zen hasieran, lau-bost tantogatik galtzen joan ginen 20ra arte, tentsio nahikorekin. Gero pixka bat egonkortu ginen kantxan, sentsazio onekin, eta buelta eman genion partidari. 32 tanto egin genuenean, irabaztera joan ginen. Partida ona, serioa izan da, ondo lehiatutakoa, eta gustura geratu ginen.

Finala Uterga eta Olazar bikotearen aurka jokatuko duzue. Nola ikusten duzu partida?

Guk gure partida egitera joan behar dugu. Endikak ahal badu txukun sakatzeko, eta gero ea piloteoan eusten diogun eta aukera dugunean bukatu. Aurkari batzuk izan edo beste batzuk izan berdintsu da. Kontuan izan behar da finala beste gauza bat izaten dela. Txapelketan irabazi genien, baina finalean tentsio gehiago izaten da. Hutsetik aterako gara eta nik uste dut %50ean dagoela, oso irekia.

Zure burua nola ikusten duzu, zer sentsaziorekin zabiltza?

Hasieran kostatu egin zait. Iazko ekaina arte ia urtebetean geldirik egon naiz, ukalondoko lesio txar batekin, eta berriro hasi nintzenean nahiko indartsu ibili nintzen, baina gero baxualdia izan nuen negu aldean eta azkenik hartu dut berriro nire lekua. Fisikoki eta kantxan lan asko egin dut, adinak ere hala eskatzen duelako: 40 urterekin hor ibiltzeko asko prestatu behar zara. Egia da nahiko joko onarekin nabilela, konfiantzarekin, eta gozatzen. Eta ea horrela jarraitzen dugun eta ea erremate ona ematen diogun. Seinale ona da finaletan egotea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!