Errotazar ahanzturatik berreskuratuta

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko mar. 17a, 17:05

Burdina taldeko kideak Elduaingo Sales bailarako errota  berreskuratzen ari dira

Burdina taldekoak ezagunak dira jada Elduainen. Zortzi urte dira jada bertan ari direla lanean eta orain arte zaharberritutako bost karobiei beste eraikuntza bat gehitu diote azken hilabetean: Salesko bailaran dagoen Errotazar errota. Bide ertzean dago eta seguru bat baino gehiago pasa dela handik ondoan zituen harri eta arrastoak zuten garrantziaz jabetu gabe.
Oraindik ez dakite zein garaiko errota den, baina ezaugarri bereziak ditu Burdina taldeko Manu Izagirre arkeologoak esan duenez. «Errotazar inguruko errotarik zaharrena da, izenak dioen bezala. Itxura berezia du, inguruan Berrobira bidean dagoen beste bat bakarrik topatu dugu itxura honekin. Eraikuntza mota hau, batez ere, errotei dagokienez, berezia da Euskal Herrian. Bi arkupe ditu, ura ateratzeko bi errotape, eta normalean bakarra izaten dute».

Burdinako kideek eraikinaren hondarrak besterik ez dituzte topatu, jada desagertuta dagoen teilatua zuen Errotazaharrek eta garbitu eta gero ikusgai utzi dutena ur tangaren pareta da. «Gure lana dena garbitzea eta ezagutaraztea izango da, oraingoz. Diruaren arabera, gauza gehiago egi daitezke, baina oraingoz hori egingo dugu. Ikusten diren zartadurak ere konponduko ditugu, paretak gehiago pitzatu ez daitezen, zuhaitzen sustraiek kalte handiak eragin baitituzte paretetan. Errotazarrek itxura mantenduko du», esan du Izagirrek.
Errotaren planoak egin dituzte eta artxibategietan begiratzen ari dira errotaren datuak jasotzeko, baina oraindik ez dute ezer topatu. «Dokumentuetan ez dugu ia ezer aurkitu; ez noiz egin zen, edo noiz eman zuten egiteko agindua, ez zein garaitan egon ziren bertan lanean... Badakiguna da ura Sales errekatik hartzen zuela eta presa txiki bati esker hartzen zuela. Errotak hiru pare errotarri zituen, bi gariarentzat eta beste bat artoarentzat. Atearen hondarrak ere aurkitu ditugu, baina errota erabat deseginda dago», azaldu du.

Bidearen ondoan dagoen pareta hariandu harriz zegoen egina, ez zuen orain duen itxura; harriak ondo landuak zeuden eta karratuak ziren, baina bidean zeudenez, hartu egingo zituzten eta bertan metro eta erdi eta bi metroren arteko materiala falta da. «Garbitzen hasi arte ez zen ezer ikusten, lurrez estalita zegoen guztia, bizilagun askok ere ez zuten ezagutzen», esan du Izagirrek.
Errotazar zaharberritzen hasita beste ezaugarri berezi batekin egin dute topo: errota oso altua dela. «Lau metro inguru ditu, ez dena oso ohikoa. Inguruan dauden beste errota batzuekin konparatuz ur tangaren pareta oso altua da eta ondo eraikita zegoela ikusten da, dirua zegoela», gaineratu du Izagirrek.

Ondarearen berri ematea
Iñigo Etxebeste Elduaingo zinegotzia da eta jada Burdinakoekin harreman estua dutela esan du: «Lan hitzarmena egin genuen eta jada 8 urte edo dira elkarlanean ari garela. Jendeak eskertzen du inguruko ondarea berreskuratzeko saiakera egitea eta gu oso gustura gaude. Horrenbeste urte eta gero harremana dugu Burdinakoekin eta harremanetan gaude etengabe. Gure asmoa da berreskuratzen dituzten karobi guztietan eta baita errotan ere informazio taula batzuk jartzea herriko zein inguruko jendeari dugun ondarearen berri eman ahal izateko». «Karobiz karobiko zirkuitua egin nahi dugu, bailarako turismoa bultzatze aldera», gaineratu du Jon Diaz zinegotziak. 

 

Ondarea

  • Bost karobi. Burdina taldeak bost karobi berreskuratu ditu Elduainen. Azkena, Salesko karobia da, izen bereko bailaran dagoena. Datorren urterako zaharberritze lanak erabat bukatuta egotea espero dute. Elduaingo karobia estilo frantsesekoa dela da. Berreskuratutako beste bi ere estilo berekoak dira eta beste biak Euskal Herrian ohikoa zen estilokoa.
  • Errota bat. Salesko bailaran dago Errotazar errota. Ezaugarri bereziak ditu; bi errotape ditu, ohikoena bakarra izatea den bitartean.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!