Gerriko beka jaso dute Elduaingo Aitor Aritzeta eta Goretti Soroak

Aimar Maiz / Goierriko Hitza 2015ko ots. 5a, 10:46
Goretti Soroa eta Aitor Aritzeta, Kutxabankeko ordezkariak emandako sariekin. Ostiralean, Lazkaoko udaletxean

Aitor Aritzeta jaiotzez beasaindarra da eta Goretti Soroa tolosarra, baina Elduainen bizi dira orain. Gerriko 17. Ikerlan Beka jaso dute. Goierriko Hitzako Aimar Maiz kazetaria egon zen sari banaketan.

Elduainen bizi diren Aitor Aritzetak da eta Goretti Soroak aurkeztutako ikerketa-proiektuak jaso du Gerriko 17. Ikerlan Beka. Ostiralean jakinarazi zuen epaimahaikoak erabakia, eta iluntzean banatu zuten saria: bekaren zurezko ikurra, eta diru-sariaren lehenengo zatia, 2.800 eurokoa.

Sentituz, izan sortzaile. Sormen emozionala goi-mailako hezkuntzan sustatzeko esku-hartze programa du izena ikertzaile bikoteak landuko duen proiektuak. Lanbide heziketako ikasleen artean azterketa bat burutuko dute, lehenengo fasean. Sormen gaitasuna indartzeko ildoak ere emango dizkiete. “Goierriko gazteei beraien burua hobeto ezagutzen laguntzea da gure asmoa”, azaldu du Goretti Soroak.

Sentitzeko modu propioa aurkitu, emozioak ezagutu eta gaitasun sortzaileak landu nahi dituzte. Ondoren, horrek lan mundurako, garapen pertsonalerako nahiz enpresak eratzeko lagunduko die. “Beren buruarengan konfiantza eduki aurreko pauso hori falta zaie gazteei: nor diren, nola sentitzen duten, zergatik hartzen duten erabaki bat eta ez bestea… Autoezagutzan sakontzen lagundu nahi diegu”.

Ikertzaileen aburuz, gizartearen eragina handia da Lanbide Heziketan dabiltzan gazteen adinean, nerabezarotik hasita. Ikasleak taldeka hartu, gaia landu, eta hurrengo fase batean, denbora batera, emandako jarraibideekin zer edo zertan hobetu duten neurtuko dute ikertzaileek. Azkenik, ikastetxeekin partekatuko dituzte emaitzak.

Goierri Eskolan hasi, eta Tolosaldera nahiz Donostialdera ere zabaldu nahi dute azterketa, hango ikasketa zentroetan. Erdi mailako eta goi mailako zikloetako ikasleekin jardungo dira, “behar edo interes berezia” daukaten ikasleekin lan eginez.

Gerriko bekaren bitartez landuko dute orain gaia, eta ondorioak liburu batean argitaratu ahalko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!