Elduainera sartzeko errepidea konpontzeko lanak hasi dituzte

Iñigo Terradillos 2014ko otsailaren 12a

Gehienez hilabete bateko iraupena izango dute; luizi baten ondorioz hondatu da bidea

Herenegun hasi ziren konponketa lanekin Elduaingo sarrerako errepidean, eta hilabeteko iraupena izango dute. Luizi baten ondorioz bidea hondaturik zegoen, eta azken bi hilabeteetan herritarrek ezin izan dute bertatik igaro.

2013 urtearen bukaeratik itxita egon da Elduainera sartzeko bideetako bat luizi baten ondorioz. Hori konpontzeko obrak nahi baino gehiago atzeratu dira, eta azkenean herenegun jarri ziren makinak lanean: «Lan horiek egiteko enpresa esleituta zegoen, baina, eguraldiaren ondorioz, lanen hasiera atzeratzen joan da, eta azkenean hasi dira konpontzen», adierazi du Izaskun Kerexeta Elduaingo alkateak.

Bi hilabetez egon da herriko sarrerarik garrantzitsuenetako bat itxita, eta obrek iraun bitartean itxita jarraituko du. Lanek hilabeteko epea izango dute. «Urak lurrak mugitu ditu, eta orain ur hori ondo bideratu beharko da behar bezala konpontzeko; eguraldiaren arabera lehenago edo beranduago amaituko dituzte lanak, baina, betiere, hilabeteko epearekin», azaldu du Elduaingo alkateak.

Errepide horrez gain, badira herrian luizien eraginez hondaturiko beste hainbat bide, eta horiek konpontzea ere aurreikusten du Elduaingo Udalak. Dena den, oraindik zehaztu gabe dute ekintza horiek noiz egingo dituen, izan ere, aurrekontuen eta diru laguntzen zain daude.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!