Zenbait urtez festetako mendi bizikleta proba nahiz korrikako lasterketak antolatzen aritu ondoren, Bidania-Goiazko hogei laguneko herritar talde batek, mendi duatloia antolatzea erabaki du. Estreinakoz egingo dute, larunbatean, eta Euskal Herriko Mendi Duatloi zirkuituko azken-aurreko proba puntuagarria izango da. Oraindik izena emateko aukera dago Mendiduatloia.eus webgunean. Joseba Senperena da probaren antolakuntza taldeko kideetako bat.
Zer dela eta antolatu duzue lehen aldiz mendi duatloia Bidania-Goiatzen?
Lau urte inguru dira mendi duatloi zirkuituan parte hartzen hasi nintzela. Urtetik urtera, gainera, zaletasuna areagotu zait. Herrian bertan ere gazteen artean handia da Herniora korrika joateko edo inguruko mendi-bideetan bizikletarekin ibiltzeko zaletasuna. Hortaz, bi kirolak uztartu zitzakeen proba bat antolatzeko erronkari heldu genion. Hasieran, multzo txikian hasi ginen, baina, gerora, hogei lagun inguruko taldea osatu genuen. Oro har, oso gustura gaude herritarrek emandako erantzunarekin.
Boluntario ugari beharko zenituzten, ezta?
Herri txikia da gurea; 530 biztanle inguru gara. Hortaz, erantzuna oso ona izan da. Gazte asko batu da taldera, laguntzeko asmoarekin. Gurea bezalako herri batentzat oso polita da halako kirol ekitaldi bat antolatzea.
Sentitzen zenuten herrian halako kirol proben hutsunea zenutela?
Zenbait urtez, mendi bizikleta proba antolatu izan zen herriko festetan, baita lasterketaren bat edo beste ere. Datak, ordea, ez ziren aproposak. Ondorioz, urteko beste garai baterako bi probak uztartuko zituen zerbait egitea pentsatu genuen. Nik zirkuituan parte hartzen nuenez, ideia proposatu nien zirkuituko arduradunei; ilusio berezia sentitu nuen.
Eta zer erantzun jaso zenuen?
Iazko zirkuitua amaitzeko pare bat proba falta zirela bota nien proposamena. Abenduan bilera bat egin zuten, urteko balantzea egin eta aurtengo zirkuituko proben nondik norakoei buruz hitz egiteko, eta bertan parte hartu nuen. Bertan izan nuen proba antolatzeko betebeharren berri, eta uneoro, zirkuituko arduradunak eta kirol proben kudeaketaz arduratzen den RockTheSport plataformako ordezkariak laguntzeko prest egon dira, oso borondatetsu.
Zer ezaugarri izango ditu prestatu duzuen ibilbideak?
Lehen sektorea korrikakoa izango da, 4,89 kilometroko luzera du, 269 metroko desnibel metatuarekin. Bigarren sektorea mendiko bizikletarekin egin beharko dute, eta 11,86 kilometroko luzera eta 480 metroko desnibel metatua du; bi itzuli emango dizkiote ia sei kilometroko zirkuituari. Hirugarren eta azken sektorea korrika egingo dute: 3,17 kilometro eta 183 metroko desnibel metatua. Zirkuituko beste probekin alderatuta, azkarra da, eta ez oso gogorra; edonork parte hartzeko pentsatuta dago. Korrikako zatiak ia uneoro korrika egiteko modukoak dira, eta bizikletako zatian badira zenbait aldapa bizi, baina bat bera ere ez zailtasun-maila altukoa. Baliteke, akaso, eguraldiak ibilbidea baldintzatzea.
Proba egitea proposatu nuenerako, ibilbidea buruan pentsatuta nuen; askotan amestu izan dut harekin. Ahalik eta errepide zati gutxien sartzea zen gure nahia; mendiko proba izanik, herrian ditugun paraje ederrak aprobetxatu behar genituen. Goiazko plaza izango da erdigunea. Bertatik irtengo dira korrikalariak, eta probako helmuga ere izango da; gainera, handik gertu egongo da sektoreen aldaketa egiteko gunea. Ikusleek probako zenbait une ikusteko aukera izango dute metro gutxiko tartean.
Non egon daiteke gakoa?
Ibilbide gogorra ez bada ere, duen luzerarako, desnibel metatu nahiko handia du. Hori dela eta, kirolariek ondo gorde beharko dituzte indarrak amaierara arte. Korrikako sektorean ezinbestekoa izango da denbora asko ez galtzea, batez ere bizikletarekin okerrago moldatzen direnek. Zirkuituko orain arteko probetan ikusi dudanagatik, litekeena da bizikletan trebeenak direnek bigarren sektorean tarteak zabaltzea. Bizikletako zatia zirkuituko beste probetakoa baino laburragoa da, baina horietakoa bezain gogorra izan daiteke; aldapa txikiak ditu, azkar igo beharrekoak.
Zer ezaugarri behar ditu mendi duatloilari batek proba bat irabazteko?
Argi dago konpletoa izan behar duela, eta bizikletarekin diferentzia markatu behar du. Aurtengo zirkuituko sailkapenak begiratuz gero, lehen postuetan daudenek ezaugarri horiek dituzte.
Orain arteko aurtengo zirkuituko probetan parte-hartze kopuruak ez dira oso handiak izan. Zein izan daiteke arrazoia?
Akaso, bi diziplina direlako, eta bietara ondo moldatzeak denbora eskatzen duelako. Gainera, denek ez ditugu baliabide eta aukera berdinak. Aldi berean, gaur egun lasterketa edo proba asko daude, askotariko kirol modalitateetakoak, eta zaila da guztietan kopuruak altuak izatea. Bestetik, ausardia-falta sumatzen dut. Oso gutxik probatu dute modalitatea, eta ziur naiz probatzen duenari berehala gustatuko zaiola, niri gertatu zitzaidan bezala. Horri lotuta, nabarmentzekoa da zirkuituan parte hartzen dutenen artean giro bikaina dela nagusi.
Eta larunbaterako parte-hartze handia espero duzue?
Badakit zenbait herritarrek proban parte hartuko dutela, eta espero dut eskualdetik eta inguruko herri gehiagotatik ere parte hartzera animatzea. Noski, zirkuituko probetan parte hartzen ari diren eta sailkapen nagusian goiko postuetan dauden duatloilariak ere bertan izango dira. Zirkuituko azken-aurreko proba da, eta, beraz, litekeena da ikustera etortzen direnek ikuskizun politaz gozatzea; horretarako osagaiak izango ditugu, behintzat. Azken egunetako eguraldiak eta larunbaterako iragarpenak eragina izan dezakete partaide kopuruan.
Esaterako, saiatu zarete bakarrik bi diziplinetako bat egingo luketen partaideekin bikoteak osatzen, ezta?
Urte sasoi honetan oso ohikoa da bizikleta albo batera utzita edukitzea eta korrika egiteko ohitura handiagoa izatea. Beste batzuek, ordea, bizikletan aritzeko ohitura handiagoa dute. Normala da duatloia osorik egitera ez ausartzea. Beraz, aukera hori jarri genien mota horretako kirolariei.
Datorren urtera begira, mendi duatloiaren bigarren edizioa egiteko asmoa duzue?
Ikusi beharko da zer erantzun eta arrakasta izaten duen aurtengoak, eta balorazio-bilera bat ere egin beharko da. Kanpotik ikusita erraza dirudi antolatzea, baina ordu askoko lana dago atzetik; abuztutik ari gara probari forma ematen. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu proba egitea posible egin duten babesle eta boluntario guztiei.