Asteburu betea XXXV. Kultur Astea borobiltzeko

Tolosaldeko Ataria

Iazko Kultur Astearen barruan ere egin zuten azoka. L. CARRASCO

Adin guztietara bideratutako ekitaldiak egingo dituzte Bidania-Goiatzen. Azoka, kultur ikuskizunak eta haurrentzako jarduerak izango dituzte, besteak beste.

Bidania-Goiatzen XXXV. Kultur Astea ari dira egiten egunotan, eta egitaraua borobiltzeko ekitaldi sorta prestatu dute ostiralerako, larunbaterako eta iganderako. Antolatu dituzten jardueretako batzuk dira argazki erakusketa, kirol txapelketak, azoka eta kultur ikuskizunak.  

Ostirala argazki erakusketarekin hasiko dute, eta iraganeko zein gaur egungo irudiak topatuko dituzte bertaratzen direnek. 19:30etik 20:30era udaletxean ikusgai egongo dira, batetik, 1988tik 2004ra bitarteko eskolako argazkiak eta, bestetik, aurtengo Ama Birjin eta San Bartolome egunetako irudiak. 

Asteburuko lehen eguna borobiltzeko, berriz, 22:00etan hasiko da pilotalekuan Ibarrako Alurr dantza taldearen emanaldi berria: Hamaikua. 

Larunbat betea

Larunbatean, hilaren 26an, eskulanen tailerra eta frontenis txapelketa izango dituzte haurrentzat. Frontoian izango dira biak ala biak, eta adin batzuetara bideratuta egongo da jarduera bakoitza. Eskulanen tailerra Haur Hezkuntzako zein Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 3. mailara artekoentzat izango da; eta frontenis txapelketa, berriz, LH 4. mailatik 6. mailara artekoentzat.

Bukatutakoan hamaiketakoa egingo dute, eta 16:30ean hasiko da eguneko azken hitzordua. 4 urtetik aurrerako haurrentzat eta gaztetxoentzat egingo dute Ehungintzaren berrerabilpen tailerra, Onnaren eskutik. 

Azken eguna

Kultur Asteko azken egunean, irailaren 27an, berriz, azoka izango da goizeko protagonista. 11:00etatik 14:00etara produktuak Goiazko plazan eskainiko dituzte inguruko hainbat ekoizlek eta artisauek, eta sardina erreak zein taloak jateko aukera egongo da. Merkatua girotzen, berriz, Alaitz Aramendi eta Garazi Zubizarreta trikitilariak ariko dira.

Eskaintza borobiltzeko, Amak izeneko antzezlana egingo du Txalo ekoiztetxeak igande arratsaldean. Umore ikuskizuna 18:00etan hasiko dute, eta eskolan izango da. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!