Kamerak jarriko dituzte zabor eremuak zaintzeko

Ataria Ataria

Bidania-Goiazko Udalak segurtasun kamerak jarriko ditu hiru zabor eremu zaintzeko. Hondakinak ondo ez sailkatzea arau haustetzat hartuko dute.

Bidania-Goiazko Udalak kamerak jarriko ditu herriko zabor guneak zaintzeko. Kamerak Goiazko gune batean eta Bidaniko bi eremutan jarriko dituzte, eta hondakinak ez birziklatzeagatik isunak jarriko dituztela ere iragarri dute. 

Iñaki Errazkin alkateak azaldu du «arazo handi bat» dutela: «Garbigunera eraman beharreko hondakinak zaborrontzien ondoan, lurrean botata uzten ditu jendeak, eta herrian ez dago horiek jasotzeko zerbitzurik». Adierazi duenez ez da «egoera berria» baina azkenaldian joerak okerrera egin duela sumatu dute: «Jendeak edozein gauza uzten du botata: koltxoiak, etxetresna elektrikoak, altzariak... Barrikak ere utzi izan ditu jendeak». 

Halaber, alkateak kontatu du herriko langilea aritu dela horiek jasotzen: «Ia beste lanpostu bat sortzerainoko lana ematen du. Ez da posible. Norberak eraman behar ditu gauzak garbigunera». 

Tolosa eta Azpeitia

Herrian mota horietako hondakinak jasotzeko zerbitzurik ez dagoela ere kontatu du Errazkinek, eta Tolosako zein Azpeitiko garbigunera eraman behar direla: «Mankomunitatetik biltzen dute zaborrontzietako zakarra, baina ez mota horietako hondakinak. Tolosako zein Azpeitiko garbiguneetan entregatu ditzakegu, eta ez digute inongo arazorik jartzen ez batean ez bestean».

Udaletik zehaztu dute herritarrek zuzenean kudeatu beharreko hondakinak direla, besteak beste, traste zaharrak eta altzariak, etxetresna elektrikoak eta altzairuak, gurpilak zein pneumatikoak eta koltxoiak.

Herritarrei mezua

Alkateak aipatu du egoerak «eskuetatik alde» egin diela, eta hortik datorrela kamerak jartzeko erabakia. Halaber, neurria «abisu bat» dela ere azaldu du, eta herritarrei nabarmendu die norberak arduratu behar duela zaborra kudeatzeaz: «Norberak arduratu behar du zaborra ondo sailkatzeaz eta garbigunera eramateaz. Arau haustetzat hartuko da tresnak ez birziklatzea, eta 600 eurotik 3.000 eurorainokoak izango dira isunak».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!