Asteburuan, Santa Marina jaiak ospatu dituzte Gabiriako Aztiria auzoan; tartean, Mendi Lasterketa jokatu da, hogeigarrenez. 12 kilometroko luzera eta 745 metroko desnibel metatua zuen ibilbideak, eta emakumezkoetan Tolosaldeko korrikalari bat izan zen azkarrena, Osin Trail taldeko Bidania-Goiazko Irene Iturria.
Iturriak ordubete, 11 minutu eta 39 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Hasieratik nagusi izan zen, eta lehen mugarrian minutuko aldea ateratzen zion Adirane Peñagarikano bigarren sailkatuari. «Lehen bi kilometroetan, elkarren ondoan joan ginen; aldapan gora, ordea, erritmoa bizkortu eta alde egitea lortu nuen. Ondoren, aurreikusitako erritmoan joan nintzen», adierazi du Iturriak.
Amaieran, irabazlearengandik ia hiru minutura helmugaratu zen Peñagarikano urretxuarra. 1.14.21eko denbora egin zuen. Zalduondoko Ainara Sanchezek osatu zuen podiuma; Iturriarengandik zortzi minutu pasatxora heldu zen: 1.19.53. Iturriak ez zuen espero irabaztea. «Gozatzera eta denbora ona egitera joan nintzen. Oso sentsazio onekin egon nintzen lasterketan zehar, eta oso gustura nago emaitzarekin», adierazi du.
Irabazleak aitortu du maratoi erdiak edo 25 kilometro inguruko lasterketak egiteko ohitura duela, eta, beraz, Gabiriakoa «nahiko laburra» izan zela. «Oso bizkorra izan zen, eta hasieratik erritmo azkarrean joan behar izan nuen. Hala ere, asko gustatu zitzaidan», esan du. Besteak beste ibilbidean zehar «oso giro ona» izan zutela nabarmendu du. «Ikusle asko aritu zen animoak ematen, eta hori asko eskertzen dugu korrikalariok».
Gizonezkoetan, Ibai Zarrabeitia igorretarrak lortu zuen garaipena, 1.00.35eko denbora eginda. Iban Sanjuan zegamarra izan zen bigarren (1.03.39) eta Iñigo Leiza hernaniarra hirugarren (1.04.14).