Almitza Sega Elkarteak antolatuta, jokoan da Euskal Herriko Bakarkako Sega Ligaxka. Bi jardunaldi dira aurten, eta lehena, ekainaren 13an izan zen Basaburuan (Nafarroa). Bigarren eta azken jardunaldia igandean izango da Bidania-Goiazko Arretxe baserriko belardian, 12:00etan hasita. Bi jardunaldietako emaitzak batuta erabakiko da aurtengo sega ligaren sailkapen orokorra.
Guztira, 34 segalari ari dira parte hartzen, eta horietatik 21 Tolosaldekoak dira. Segalariak sei kategoriatan banatuta daude: gizonezko helduak –100 metro karratuko saila–, emakumezko helduak –35 metro karratukoa– gizonezko beteranoak –50 metro karratukoa–, 14-18 urte arteko gizonezko gazteak –35 metro karratukoa–, 14-18 urte arteko emakumezko gazteak –35 metro karratukoa– eta 14 urtetik beherako haurrak –25 metro karratukoa–.
Gizonezko helduetan, hamar segalari ari dira parte hartzen; horietatik lau Tolosaldekoak dira: Mikel Lizartza tolosarra, Oier Urkola anoetarra, Amaiur Arrospide leaburuarra eta Kepa Otegi amasarra. Ekaineko jardunaldian, Lizartza izan zen garaile, Urkola bigarren izan zen, Arrospide laugarren, eta Otegi bederatzigarren.
Emakumezko helduetan, berriz, bederatzi segalari ari dira parte hartzen, eta bost eskualdekoak dira: Jugatx Agirre berastegiarra, Izadi Arrospide eta Luixa Uzkudun leaburuarrak, Ainara Otamendi ibartarra eta Alaitz Imaz hernialdetarra. Lehen jardunaldian, Imazek lortu zuen garaipena, Otamendi bigarren izan zen eta Agirre seigarren postuan sailkatu zen. Leaburuarrek ez zuten parte hartu Basaburuan.
Gizonezko beteranoen mailan, parte hartzen ari diren hiru segalarietatik bi Tolosaldekoak dira: Joakin Garmendia anoetarra eta Joxe Antonio Gabirondo gazteluarra. Nafarroako jardunaldian Gabirondo nagusitu zen, eta Garmendia hirugarren izan zen.
Gazteen mailan, mutiletan, hiru segalari ari dira parte hartzen, eta bi dira eskualdekoak: Xuban Gartzia eta Aner Zunzunegi gazteluarrak. Basaburuan, bigarren eta hirugarren izan ziren, hurrenez hurren. Nesketan, berriz, parte hartzen ari diren bost segalarietatik lau eskualdekoak dira, laurak gazteluarrak: Inge Goikoetxea, Lorea Zunzunegi, Haizea Larrañaga eta Claudia Pellus. Hurrenez hurren, lehen, bigarren, laugarren eta bosgarren postuetan sailkatu ziren lehen jardunaldian. Azkenik, haurren mailan, lau segalari ari dira lehiatzen, laurak gazteluarrak. Lehen jardunaldian, Mari Olazarrek lortu zuen garaipena, Irati Tome bigarren izan zen eta Zoren Goikoetxea hirugarren. Xare Iriondok ez zuen parte hartu.