I. Erniope Rallysprinta iruditan

Leyre Carrasco 2026ko apirilaren 26a

Atzo ospatu zen Erniope Rallysprinta lehiaketa, Ardatz Motorsport klubak antolatuta, eta Aitzol Apalantza eta Aritz Uzkudun izan ziren garaile.

Hamabost urteko etenaldiaren ostean Erniopeko proba berreskuratzea lortu du Ardatz Motosport klubak. Lehiaketak 2011n erabilitako ibilbide bera izan du, Azpeitiako Lapatxeko zabortegiaren aurrean hasita, Errezil zeharkatuta eta Bidania-Goiatzen amaituta. Gidariek 13,7 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten lau txandatan: bi goizean goraka eta bi arratsaldean beheraka.

Aitzol Apalantza eta Aritz Uzkudun izan dira garaile, Hyundai 120N Rally 2 autoarekin. Bikoteak lehen txanda irabazi zuen, baina bigarren txandaren hasieran gurpila zulatu zitzaien eta segundo gutxi batzuk galdu zituzten. Hala ere, hirugarren txandan berriro nagusitu ziren, eta azken txandan Iker Zinkunegi eta Denis Astigarraga bikoteak izandako 10 segundoko penalizazio bati esker, garaipena lortu zuten azkenean. Hirugarren postuan Alberto Marcos eta Garazi Beitia sailkatu ziren, garaileengandik minutu bat eta bederatzi segundora.

Guztira, 46 auto gidarik eta beste hainbeste kopilotuk hartu zuten parte lasterketan, horietatik gutxi batzuk eskualdekoak. Sari banaketa ekitaldia Azpeitiko Perez Arregi plazan ospatu zuten.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!