Laugarrena bete du Bidaniko Gazte Sentitzen Direnenen Egunak, eta maiatzaren 23an ospatuko dute aurten. Goizean goizetik hasita, egun guztiko egitaraua prestatu dute adin guztientzako jarduerekin. Zenbait hitzordutan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea.
Eguna gaztetxoentzako Altxorraren bila jokoarekin hasiko dute, eta 12:00etan izango da txupinazoa. Segidan hasiko dira paella txapelketarekin, zeinak aurten bost urte betetzen dituen, eta parte hartzeko izena eman beharko da 699 756 456 telefono zenbakira idatzita, maiatzaren 18a baino lehen. Horren ondotik herri bazkaria egingo dute, eta bukatutakoan sariak banatu eta bingo musikatuan jokatuko dute.
Arratsaldean, aurrentzako atrakzioak izango dituzte, eta 18:00etan emanaldia hasiko du Ostikda elektrotxarangak. Arratsaldetik gauera, zuzeneko musika izango da protagonista, eta 20:00etan erreleboa hartu eta kontzertua hasiko du Gabezin musika taldeak.
Afaria, berriz, luntx erara egingo dute Euskal Parrilak prestatuta, eta bost pintxok osatuko dute: tortilla, txorizoa, solomoa, oilaskoa eta hanburgesa txiki bat. Horrez gain, kafea, Eceizako pasteltxoak eta likoreak ere izango dituzte. Bi otorduetarako txartelak maiatzaren 6an eta 8an salduko dituzte udaletxeko atarian.
Eguna amaitzeko, berriz, iluntzea zein gaua girotuko dituzte, hurrenez hurren, Gabezin taldeak eta Patx DJak.