Gipuzkoako Pilota Egokituko finalean ariko da Aingeru Senperena

Ataria 2026ko apirilaren 9a

Zumarragan izango dira finalak, hilaren 12an Beloki pilotalekuan. Goiaztarra gurpildun aulkikoen finalean izango da. 

Euskal Pilota Egokitua Zirkuituaren Gipuzkoako Irekiko finalak jokatuko dira igandean, hilaren 12an, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Hiru final jokatuko dira, adimen urritasun mailan bi eta gurpildun aulkian bestea. Hain zuzen, azken honetan lehiatuko da Aingeru Senperena goiaztarra.

Gurpildun aulkian lehiatuko direnen arteko finalak nolabaiteko errebantxa kutsua du. Izan ere, Zumarragan ariko diren bi atzelariek, Edorta de Antak eta Beñat Lizasok, Basaurin jokatutako Bizkaiko Irekiko finala jokatu zuten. Kasu hartan Edorta de Antak jantzi zuen txapela Sergio Rodriguezekin batera. Zumarragako finalean de Anta Joseba Lasarekin batera ariko da, eta Beñat Lizasok Aingeru Senperenarekin osatuko du bikotea.

Iker Amarika zirkuituaren arduradunaren esanetan, inoiz baino parte-hartze handiagoa izan dute, bai urritasun fisiko mailan, baina, batez ere, adimen urritasun mailan, eta horregatik, azken horretan bi maila ezarri dituzte: hastapenekoa eta orain artekoa. «Aukerak zabaltzea, ikusgarritasuna ematea, espazioak konpartitzea izan da, bere hastapenetatik, txapelketa hauen helburu nagusia eta Gipuzkoako Ireki honek berretsi du, aurretik geratzen den bidea luzea den arren, norabide egokian pausoak ematen ari garela».

Adimen urritasuneko hastapen mailan Unai Dios-Daniel Calviño eta Joel Garcia-Tanya Fernandez izango dira maila honetako palmaresa estreinatzeko aukera izango dutenak. Maila nagusian Lander Ortega-Eneko Sagarmendi eta Hodei Asteasu-Xabat Askasibar ariko dira elkarren aurka. Lauretako inor ez zen Basaurin jokatutako Bizkaiko Irekiko finalean izan, baina Eneko Sagarmendik ondo baino hobeto daki zer den Gipuzkoako Irekiko txapela janztea eta errepikatzen saiatuko da.

Gipuzkoako Pilota Egokituko finalak ETB-1ek zuzenean emango ditu, eta bere plataformetan ere jarraitu ahalko da. Zumarragak estreinakoz hartuko ditu gisa honetako finalak, eta antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte pilotalekura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!