elkarrizketa

«Lanean berdin jarraituko dugu. Titulu aldaketa bat da, ez besterik»

Aitor Arroyo Askarai 2026ko otsailaren 26a

Maialen Irazusta alkate ohia, eta Iñaki Errazkin, jardunekoa. A. ARROYO

Aurrerantzean Errazkin izango da herriko alkatea; txanda hartu dio Irazustari karguan jarduteko aukera handiagoa duela-eta.

Iazko urtarrilean hartu zuen Bidania-Goiazko alkatetza Maialen Irazustak (Ibiri), eta, orain, talde bereko Iñaki Errazkinek hartu dio erreleboa. Atzo ezohiko bilkura egin zuten Bidania-Goiazko Udalean, eta bertan utzi zuen kargua Irazustak. Txandaka aritzeko arrazoiak eta esku artean dituzten egitekoak azaldu dituzte.

Nolatan etorri da alkate aldaketa?

Maialen Irazusta: Nik kargua hartzerakoan adostu genuen txandaka egingo genuela. Begira aritu eta Baliarrainen, adibidez, ikusi genuen alkatetza partekatu egiten zutela. Aukera egokia iruditu zitzaigun karga guztia baten gainean jarri beharrean, bat hasi eta gero beste batek jarraitzea. Zinegotziak ados geunden eta hortik dator. Bukatu da nire alkate epea, eta Iñakiri pasako diot erreleboa. 

Iñaki Errazkin: Dena dela, lana lehen bezala egingo dugu: guztion artean. Horrela aritu gara eta horrela jarraituko dugu. 

Irazusta: Eta nik zinegotzi bezala jarraituko dut. 

Errazkin: Hori da, eta lanean berdin jarraituko dugu. Titulu aldaketa bat da, ez besterik. 

Eta nola egingo duzue?

Irazusta: Ezohiko bilera bat egin genuen atzo, eta bertan kargua utzi nuen. Hortik denbora bat pasa behar du agerraldi publikoan; eta datorren astean Iñakik hartuko du kargua. Hori egiteko ere beste ezohiko bilera bat egingo dugu. 

Errazkin: Tarte horretan ni izango naiz jarduneko alkatea, alkateordea ni bainaiz gaur egun. Ez dakigu ziur-ziur noiz izango den, baina datorren astean izatea aurreikusten dugu. 

Zergatik ikusi duzue beharrezkoa aldaketa?

Irazusta: Sentsazioa nuen nire laneko egoeragatik, familiagatik-eta... Guztia udaleko jardunarekin uztartzea ez zen bideragarria. Estutasun sentipen hori izan dut, eta ezin iristeko puntura iritsi baino, nahiago nuen erreleboa ematea; eta hori zinegotziek lan handia kendu didatela. Oso eskertuta nago haiekin, lan ikaragarria egin dute-eta. 

Errazkin: Ni jartzearen arrazoia, hain zuzen, horixe da: denbora gehiago dudala. Horixe da erreleboa hartzeko arrazoia. Aukera handiagoa dut momentu honetan denbora gehiago eskaintzeko. Zentzu horretan, udaleko lanen zein proiektuen jarraipena hobeto egin ahal izango dugu. Azkenean, arreta eta denbora asko eskatzen dituen jarduna da: udaletxera etorri behar da askotan, telefonoan aritu, gauzak kudeatu... 

Irazusta: Nire egoeragatik lan horiek modu egokian egitea zaila izan da. Bateragarritasun kontua izan da, azkenean. 

Errazkin: Beste aukeraren bat ere bagenuen alkate izateko, baina hura ere lanean dabilenez... 

Erreleboari jarri al diozue eperik?

Errazkin: Hori, pixka bat, airean geratu da. Momentuz horrela jarraitzeko asmoa daukagu, baina ez dugu erabat baztertzen aurrerago beste aldaketaren bat egitea. 

Irazusta: Dena dela, legealdia seguru asko horrela bukatuko dugu. 

Nola aurreikusten duzue bukatu arteko aldi hori?

Errazkin: Niretzat ez da ezer berria izango. Orain arte biak aritu gara; ia 24 ordu pasa izan ditugu elkarrekin. Bata bezainbeste aritu da bestea. Eta asmoa ere horrela jarraitzea da. Izatez, ez da egongo aldaketa handirik. 

«Kudeaketa egokia eta herritarren interesak defendatzea» aldarrikatu izan duzue.

Errazkin: Hori da. Horretan ari garela uste dugu, eta gauza dezente egin ditugu. 

Irazusta: Berdin jarraitzeko asmoa daukagu. Nik uste herritarren arazoak konpontzen ari garela, irtenbideak ematen ari garela; eta beharrak asetzen ere ari gara. Instalazio berri bat egokitu dugu, eta herritar batentzako lanpostua sortu dugu horrela. Herritarrei begirakoa da gure legealdia. 

Errazkin: Aurrera begira ere gauza asko ditugu egiteko. Epe motzean egiterik ez daude batzuk, eta horiek aurreikuspenen barruan ditugu. 

Zein dira aurreikusitako lan horiek?

Errazkin: Epe motzean, gimnasioa handitzea: beste lokal bat egin nahi dugu. Herri bideen kontuarekin ere lanean jarraituko dugu. Eta, aurrera begira, berriz, etxebizitzen gaia. 

Irazusta: Etorlur sozietatearekin dagoeneko jarri gara harremanetan, hemen etxebizitzak egiteko. 

Errazkin: Eta udaletxeak dituen bi etxebizitzekin ere ari gara pentsatzen zer egin; konpontzea eta gazteentzat alokairuan jartzea izan liteke aukera bat. Dena dela, horiek epe luzeagoan landu beharrekoak dira. 

Irazusta: Hala ere, martxoaren 2an bilera ireki bat egingo dugu aipatutako etxebizitza berri horietan interesa dutenekin; 18:00etan izango da, udaletxean. Bertan informazioa emango diegu interesa dutenei. 

Zein unetan dago Goiazko ostatuaren lanketa?

Errazkin: Egoera da aseguruarekin ari garela aurrera eta atzera.

Irazusta: Proiektua eginda dago ja; baina aseguruarekin ez gara adostasunera iristen. 

Errazkin: Kostu handiko kontuak dira, eta ondo zehaztu behar da zerbait egiten hasi aurretik. Konpontzeko asmoa dugu, jakina, baina diru asko da eta hor gabiltza lanean. 

Irazusta: Apirilean beteko dira bi urte erre zenetik. Aurreratuta dago lanketa, eta aurreproiektua eginda dago. Baina aseguruarekin dago korapiloa, momentuz eskaintzen digutenarekin ez baitago aurrera egiterik. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!