Senperena, txapeldunorde Nazioen Ligan

Ataria 2025eko abenduaren 3a

Aingeru Senperena, ezkerretik bigarrena, sari banaketan. GKEF

Euskal selekzioren parte izan da goiaztarra gurpildun aulkiko paletako modalitatean. Frantziako selekzioaren aurka galdu zuten finala bi setetan.

Aingeru Senperena goiaztarra Euskal Pilotako Nazioen Ligako txapeldunorde izan da euskal selekzioarekin, gurpildun aulkiko paletako modalitatean. Finalean Frantziako selekzioaren aurka galdu zuten bi setetan, 15-5 eta 15-13. Euskaditik Elkorok eta Lizasok osatutako bikoteak jokatu zuen, eta ordezko moduan Senperena eta Rodriguez izan ziren. Elkorok eta Lizasok bigarren setean postuak aldatu bazituzten ere, markagailuan gertu egon arren, ezin izan zuten emaitza irauli. Meunier eta Cabanne pilotariek osatu zuten Frantziako bikotea, ordezko bezala Grimault aritu zen, eta erritmo bizian jokatu zuten pilota atzeko koadroetara botaz eta partida osoan zehar dominatu zuten.

Euskadiko pilotariek, beraz, bigarren postu baliotsua lortu dute. Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak azaldu duenez, pasa den astean zehar bizitakoa «historikoa» izan da euskal pilota egokituarentzat eta euskal pilota selekzioarentzat: «Izan ere, Euskadi ofizialtasunez aritu da lehian beste herrialdeen aurka eta lehen aldiz gurpildun aulkiko espezialitatean». Gipuzkoan badira urte asko euskal pilota egokituaren alde lanean jardun duten pertsona, elkarte, boluntario eta bi federazio: Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa. «Bi horien hasierako bultzadari eta elkarlanari esker ere lortu da lortutakoa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!