Omenaldi beroa Miren Larrarteri

Ataria 2025eko irailaren 27a

Pilotari bidaniarrak herritarren berotasuna jaso du, Munduko Wall Ball Txapelketan urrezko domina bat eta zilarrezko bi lortu eta gero.

Bidaniko frontoia omenaldirako gune bihurtu zen atzo arratsaldean. Herritarrek Miren Larrarte pilotari bidaniarrari omenaldia egin zioten, orain gutxi jokatu den Munduko Wall Ball Txapelketan urrezko domina bat eta zilarrezko bi lortu eta gero. Eskuz jokatutako pilota partida batekin hasi zen ekitaldia. Salsamendi-Erasun bikoak 22-16 irabazi zion Arrizabalaga-Agirre bikoari. Ondoren, herriko pilotari gaztetxoek pasilloa egin zioten Larrarteri.

Oparien tartea iritsi zen gero. Jose Mari Mitxelena Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren lehendakariak oroigarria eman zion Larrarteri, eta, besteak beste, joko zuzenean egindako ibilbidea nabarmendu zuen. Agurra dantzatzeko unea iritsi zen, eta Larrarteren anai-arrebek ederki asko bete zuten eginkizun hori. Ondoren, Kukuri kultur elkartekoek lore sorta bat eman zioten, eta pilotariari eskertu zioten herriaren izena zabaltzea. Matraka taldekoek frontoi baten maketa oparitu zioten, more kolorekoa, eta zoriondu zioten «emakume pilotari bezala egiten ari zaren ibilbide guztiarengatik», eta eskertu zioten «herriko gaztetxo guztientzat eredu izateagatik». Udalaren txanda izan zen segidan, eta txapela oparitu zioten, eta esan beharrekoak bertso baten bidez esan zizkioten:

Bidaniako frontoiko

neska koskorra, ze kasu...

Eskuz, palaz, wallballean,

frontballean, horren ahaltsu...

Mundutik urre ta zilar

izerdituta dakarzu,

herri hau ezagut dadin

arrazoi izan zera zu.

Dugun harrotasunaren

eskerra jaso ezazu,

segi maite duzun hortan

hormak pitzatzen jo ta su,

zure atzean bultzaka

herri osoa daukazu.

 

Azkenik, Miren Larrarteri berari egokitu zitzaion hitz egitea, eta biziki eskertu zuen jasotako omenaldia. Ekitaldira joandako guztiekin ateratako argazkiarekin eman zioten amaiera omenaldiari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!