Bidaniako jaiak 2025

Jakes Lasa eta Araia Agirre izan dira paella lehiaketako irabazleak

Ataria 2025eko abuztuaren 22a

Guztira 44 partaide aritu dira Bidaniko festetan antolatutako ekitaldian. Laugarren urtea da lehiaketa egiten dutena eta ikusmin handia sortzen du.

Bidaniko frontoia sukalde handi bat bihurtu da gaur eguerdian. 44 partaide izan dira IV. Paella Lehiaketan, eta urduritasunak nabariak ziren prestaketa lanak bukatu dituztenean, eta frontoitik atera direnean epaileei bere lana egiten uzteko. Behin erabakia hartuta, jendetza zegoen frontoiaren kanpoko plazaren epaiaren zain. Zortzi finalistak esan dituzte, eta ondoren hiru lehenengoak. Irabazleak Jakes Lasa eta Araia Agirre izan dira, bigarrenak Ixiar Mutuberria eta Maialen Uzkudun, eta podiuma osatu dute Sara Zelaiak eta Arene Uzkudunek. Txalo zaparrada jaso dituzte guztiek.

Behin sariak banatuta, festa batzordea osatzen duten Bidaniko Gazteek mahaiak prestatuta zituzten. Prestatutako paellak eta etxetik eramandako beste jakiak dastatu dituzte parte hartzaileek eta bere ingurukoek, frontoia betez. Festa batzordekoek edaria, postreak eta kafea eskaini dizkiete.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!