Eskualdeko hogei segalari, Euskal Herriko Sega Ligan

Ataria 2025eko maiatzaren 23a

Aurreko urtean ere egin zen Euskal Herriko Bakarkako Sega Ligaren saioa Goiatzen.

Almitza Sega Elkarteak antolatu du liga, eta aurtengoa hamabosgarrena da. Guztira hiru saio antolatu dituzte eta lehenengoa igande honetan izango da, Goiatzen.

Euskal Herriko XV. Bakarkako Sega Ligari hasiera emango diote igande honetan, 12:00etan, Goiatzen. Almitza Sega Elkarteak antolatu du beste behin, eta guztira hiru saio izango dira ligan. Goiatzeko hitzorduaz aparte, beste biak Etxalekun, ekainaren 14an, eta Hernanin, ekainaren 28an, egingo dira. Guztira eskualdeko hogei segalarik parte hartuko dute aurtengoan. Hiru probetako emaitzek erabakiko dituzte Bavarian (Alemania) jokatuko den Europako Sega Txapelketa parte hartuko duten euskal ordezkariak.

Emakumezkoetan Jugatx Agirre Zubizarreta berastegiarra, Luixa Uzkudun leaburuarra, Sheyla Sarasola lizartzarra, Alaitz Imaz hernialdearra eta Ainara Otamendi ibartarra ariko dira. Gizonezkoetan Mikel Lizartza tolosarra, Oier Urkola anoetarra eta Amaiur Arrospide leaburuarra, eta gizonezko beteranoetan Joakin Garmendia anoetarra eta Koldo Arzellus tolosarra. Emakumezkoetan, gazteen mailan, 14 eta 18 urte bitartean, hiru parte hartzaileak eskualdekoak dira: Inge Goikoetxea eta Lorea Zunzunegi gazteluarra, eta Izadi Arrospide leaburuarra. Haurretan, 14 urte azpikoetan, Gazteluko zazpi segalarik parte hartuko dute: Haizea Larrañaga, Xare Iriondo, Irati Tome, Mari Olazar, Claudia Pellus, Xuban Gartzia eta Aner Zunzunegi. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!