Aingeru Senperena irabazle Pilota Egokituaren Sari Nagusian

Ataria 2025eko apirilaren 14a

Cabannerekin batera irabazi die, 25-14, Edorta Fernandez eta Edorta de Anta bikoteari.

Euskal Herriko frontoietan, Donostiako Atano III.a izango da, ziurrenik, historia eta tradizio gehien duena. Eta zein leku hoberik Amara auzoko kantxa mitikoa baino, inolako bazterketarik gabea izan behar duen etorkizuneko pilotaren abentura honetan pauso garrantzitsua izango diren Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusiaren finalak jokatzeko. Etengabeko garapenean dagoen kirol honetan, aurtengoa izan da inoizko ediziorik parte hartzaileena, eta inklusiorako bide horretan, pilota egokituak tresna eraginkorra ez ezik, oso erakargarria ere izan daitekeela berretsi du luxuzko agertoki batean. Pilotazale ugariren babesean, Joseba Altuna-Iraitz Huegunek (25-20) eta Aingeru Senperena-Maixi Cabannek (25-14) jantzi dituzte, hurrenez-hurren, adimen urritasun eta urritasun fisikoko Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusiko 2025ko txapelak. Amestutako pilota gero eta inklusiboago bat lortzera bidean, Euskal Herritako pilota klub desberdinetan pilota egokituko sekzioak normaltasunez ugaltzen joatea da hemendik aurrerako erronka eta gaurkoa bezalako jaiek euren aletxoa jartzen dute ahalegin horretan. 

Zazpi urte badira dagoeneko, 2018an Legazpin Pilota Egokituko Sari Nagusi hau lehendabizikoz jokatu zenetik eta adimen urritasuna duten pilotarien arteko finalik luze eta gogorrena izan da gaurkoa. Ordu eta laurden baino gehiago behar izan dute Joseba Altuna eta Iraitz Huegunek Jon Alzaguren eta Eeneko Sagarmendiri 25-20 gailentzeko. Oreka eta berdinketak izan dira final handi honen ezaugarriak eta hamalau berdinketa eman dira azkeneko aldiz hemeretzina berdindu duten arte. 

Oso bestelakoa izan da urritasun fisikoa dutenen arteko finala, Aingeru Senperena eta Maixi Cabanne oso nagusi izan baitira Edorta Fernandez eta Edorta de Antaren aurka. Finala oker hasia zen urdinentzat, hasiera batean finala jokatu behar zuen Joseba Lasak astean zehar ezbehar bat izan eta bere lekua aurre-kanporaketetan, kanporatutako aurrelaririk onena izan zen bizkaitarrari bere lekua utzi behar izan zionetik. Baina aurrelari batek edo besteak jokatu, finaleko protagonista nagusia Maixi Cabanne atzelari lapurtarra izan da. Iparraldeko pilotariak 15 tanto amaitu ditu azkenerako eta goitik-behera dominatu du partida.

Aurtengo ekitaldiko berrikuntzarik nagusienetako bat ziren gurpildun aulkietan lehiatzen diren pilotariek erabilitako karbonozko pala eta pilota biziagoak eta ezin uka, aldaketa honek sekulako eragina izan duenik finalean. Bidasoaren iparraldean askoz lehenago hasi ziren material berritzaile hau erabiltzen, eta Maixi Cabannek gainontzekoak baino askoz erosoago sentitu da Atano III.ean eta nahieran aritu da partida osoan zehar. Material berri hauekin, atzelarien gain uzten du, ia erabat, partiden pisua, aurrelarien protagonismoa asko murriztuz, eta lapurtarra oso eroso aritu den bitartean, Edorta de Anta erabat ezinean aritu da.

Lehen tantoetan erabat deseroso sentitu ostean, 8-1ekoan, aurrelari urdinak pala aldatu eta betiko egurrezko batekin proba egin du, baina laster hartu behar izan du berriz ere karbonokoa, finalaren gidoia aldatzea ezinezkoa zitzaiola ikusita. Senperena-Cabannek berean jarraitu dute eta garaipen erosoa eskuratu dute azkenerako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!