Datorren urtean ikusiko du argia Vince Gilligan gidoilari eta zuzendari estatubatuarraren zientzia fikziozko telesail berriak. Wycaro du izena eta sekuentzia batzuk Getarian grabatu dituzte. Hiru astez aritu dira grabazio lanekin Askizu auzoko Iturriaga hotelean, eta lantaldearen parte izan da Javier Jauregi (Bidania-Goiatz, 1968) Azpeitiko eta Eibarko Kimetz ile apaindegiko nagusia.
Vicente Gilligan zuzendariaren telesail berriko protagonistak orrazteko ardura izan duzu. Nola iritsi zitzaizun proposamena?
Aurretik antzeko proiektuetan parte hartu izan dut, baina ezin izan naiz konprometitu epe luzeetarako; izan ere, bi ile apaindegi [Azpeitian eta Eibarren] ditut, eta bezero asko nire zain egoten dira. Badakit mundu horretan mugitzen, baina epe luzeko proposamenak badira, ez ditut hartzen.
Azken proiektukoek ez dakik nondik aterako ote zuten nire zenbakia. Izan ere, Mexikotik etorri ziren Palmara (Espainia), eta bertan ekoiztetxe bat kontratatu zuten, Espainiako lantaldea antolatzeko. Pentsatzen dut ekoiztetxe horretan lortuko zutela nire izena, norbaitek nonbait ongi hitz egingo zielako, eta halaxe jarri zirela nirekin harremanetan. Breaking Bad telesaileko zuzendaria da Gilligan; nik ez nuen telesail hori ezagutzen, baina antza denez, horren jarraipen modukoa izango da hau. Beraz, curriculuma bidali nien, eta bertan, beste filmetan izandako esperientzia jaso nuen, ingelesez. Horren ostean, mezu bat iritsi zitzaidan: «Ha sido seleccionado» [Aukeratua izan zara]. Esaldi horrek poza eragin zidan.
Sorpresa, ezta?
Bai eta oraindik ez dakit nork gomendatu ote nauen. Izan ere, lantaldean 500 pertsona inguru genbiltzan eta denbora luzean isilpean egon behar izan dugu. Baita oraindik ere! Pena da argazki polit asko ditudalako, eta ezin dudalako ezer argitaratu konfidentzialtasun kontratua sinatu dudalako. Lan egin dudan beste film askotan filma bera argitara eman arte ez ziguten ezer publikatzen uzten, baina oraingoan ezta hori ere.
Getarian grabatu zenuten. Nolakoak izan ziren grabazio egunak?
Grabazioa kanpoaldean izan izan balitz, askoz hobeto eramango nukeen, baina sekuentzia asko barrualdean grabatu genituen, eta hor geldi-geldi eta isil-isilik egon behar genuen. Ni, gainera, hiperaktiboa naiz eta ez dakit geldi egoten. Hori niretzat sekulako zigorra izan da.
Set-ean [grabazio platoa] ez gara denak egoten, normalean, zuzendaria toldo moduko baten azpian egoten da, combo izeneko pantaila bati begira, eszena bakoitza nola geratzen ari den ikusten, eta nire kasuan, detaileren bat mugitu ote den ikusten egon behar nuen. Eszena geratzen zutenean «cut» esaten zuten, eta hor denak azkar batean mugitu behar ginen egin beharreko ukituak egiteko.
Zenbat denbora iraun zuen grabazioak?
Hiru asteko lana izan zen, eta tartean, Oviedon (Espainia) hiru egun igaro zituzten. Larunbat batean atera ziren, han sekuentzia batzuk egin zituzten eta astelehenean buelta egin zuten. Joan-etorri hori ere laneko jornala bezala hartzen zuten kontuan, baina niretzat gehiegizkoa zen eta egun horietan nire lantokian geratu nintzen.
Lehen egunak txarrak izan ziren, kokatzea kosta zitzaidalako eta presio ugariko egunak izan zirelako. Izan ere, grabazioak 04:00etan hasten ziren eta ordu luzez aritzen ginen lanean, baina egia da, ondoren, penarekin geratu nintzela Oviedora joan ez izateagatik eta grabaketa egunak bukatzerakoan zer esanik ez. Hala ere, lantaldea oso ondo portatu zen nirekin, besarkada ugari jaso nituen, baita opariak ere.
Aurretik dimentsio horietan egin al duzu lan?
Inoiz ez dut dimentsio horietan lan egin. Zumaian, esaterako, Britainia Handiko matrikulak zituzten 20 karabana inguru jarri zituzten, eta aktore bakoitzak karabana erdi horietako bat zeukan egongela moduko batekin; bertan, sofa eta telebista bat zeukaten, eta kanpoan, aktore bakoitzaren izena agertzen zen. Beste karabana batzuetan ile apaindegia, makillajea, bulegoak, catering espazioa, sukaldea, komunak, jantzitegia eta kontratuak egiten zituzten beste leku bat ere zegoen. Hori guztia Zumaian zegoen, eta hortik gora, Askizu auzora joateko, Madrildik etorritako beste 20 Mercedes Vito furgoneta ekarri zituzten. Horietan mugitzen ginen; hau da, lana bukatzen genuenean horietan lekualdatzen gintuzten. Bidegurutze bakoitzean segurtasun guarda bat zegoen, zeinak akreditazioak eskatzen zizkigun. Behean, Zumaiako portuan, berriz, base camp [kanpamentu nagusia] izenekoa zegoen eta hor segurtasuneko bost gizon zeuden. Isilpeko pelikula bat izan da.
Zientzia fikziozko telesaila izan da, nolako orrazkerak egin behar izan dituzu?
Filmaketa hasita zegoenez beraiek orrazkerak nolakoak izan behar zuten markatuta zeuzkaten. Nazionalitate ezberdineko jendea zegoen, eta nik ez nekien gehiegi zertaz zihoan. Hala ere, orrazkera bakoitzaren argazkiak jarri zizkidaten ile apaindegiko ispiluetan eta eskura nuenarekin ahal nuena edo ahalik eta orrazkera antzekoena egin behar nuen.
Nolakoak ziren orrazkerak?
Nahiko sinpleak. Lehen bilera egin genuenen zein orrazkerarekin sentitzen nintzen identifikatuta galdetu zidaten, eta aurrean jarri zizkidaten argazkietatik orrazkera landuenak aukeratu nituen. Orrazkera zenbat eta zailagoa izan, dotoreagoa dela uste dut, baina ez zegoen ezer asko egiteko, gauza teknikoak ziren. Alegia, pantaila handian orrazkera txukunak ikusteko detaileak egin behar ziren, besterik gabe.
Hasieran aipatu duzu beste pelikula batzuetan ere parte hartu duzula. Adibidez?
Honen aurretik Joseba Usabiaga aktore tolosarrarekin jardun nuen, eta aurretik El árbol de la sangre filmean. Azken hori Gernikan grabatu zen eta oso gustura jardun nuen. Bertan, garai bateko orrazkerak egin behar nituen eta oso txukunak geratu ziren. Horrez gain, Sabino Aranaren Sabin izeneko filmean ere aritu naiz.
Zine munduak zure ofizioa eta afizioa beste esparru batean lantzeko aukera ematen dizula esan genezake?
Bai, beste toki baten lantzeko eta beste jende batekin. Izan ere, talde lana da garrantzitsua hemen. Ile apaindegian ni naiz nagusia eta uneoro agintzen ari naizen sentsazioa dut beti, baina horrelako proiektuetan beste bat gehiago sentitzen naiz, eta hori sentsazio oso ona da. Gainera, sormenezko mundua da hau, eta denok izaten ditugu ukitu bereziak. Baina bere alde txarrak ere izan ditzake. Izan ere, askok mundu honetan bikotea ezin duzula eduki esaten dute, hiru hilabetez etxetik kanpora joan behar izaten dutelako; era batera edo bestera gogorra da.
Zu izatez bidaniarra zara, Donostian bizi zara eta Azpeitian eta Eibarren dituzu ile apaindegiak. Nolatan?
Azpeitia aldera askotan etorri izan naiz, familia asko dudalako hemen. Nire lehengusu bat ile apaintzailea zen Tolosan, baina jubilatu egin zen, eta beste bat Azkoitian ere banuen. Bi horiek bezala probatzea erabaki nuen, eta hala zabaldu nuen nire ile apaindegia, Azpeitian. Oso ondo hasi ginen, eta orain lantaldean gutxiago gauden arren, hamar lagun izatera iritsi ginen. Nire lantaldeko ile apaintzaile beteranoa motibazio faltarekin zebilen azken aldian, eta beste ile apaindegi bat irekiko nuela erabaki eta hura zuzentzera joateko proposamena egin nion. Zein lekutan zabaltzeko erabakia hartzen ari ginela, komertzialek Eibar plaza oso ona zela gomendatu zidaten eta hortxe zabaldu genuen bigarrena. Gauzak asko aldatu dira geroztik; zazpi lagunekin hasi ginen lanean eta orain hiru bakarrik daude. Ordu asko sartzen ditut lanean, ilea apaindegia ez ezik, sare sozialak eta helbide elektronikoak ere kudeatzen ditut, eta horregatik, zinema munduan proposatzen dizkidaten proiektuak gogo handiz hartzen ditut. Horrez gain, orain, beste proiektu batean nabil murgilduta. Javier Jauregi izeneko nire produktu naturalak ekoizten eta saltzen aritzen naiz.
Zertan datza?
Bi xanpu ditut eta sendagai hidratatzailea den ile-egokitzailea ere. Nire ile apaindegietan saltzeaz gain, Tolosako Zain Berri belar dendan saltzen ditut, baita Donostiako Holi belar dendetan eta Fnac-en ere. Honekin komertzial lanak egiten aritzen naiz, eta beraz, lantokitik ateratzeko aukera ere ematen dit.
Zein ikasketa dituzu?
Amari lotsa ematen zion ni ile apaintzailea izatea eta orduan Mekanika ikasten hasi nintzen Tolosan, baina dena suspenditzen nuen. Dirua aurreztu nuenean ile apaindegiko ikasketetako matrikula ordaindu nuen, gogoan dut 35.000 pezeta izan zirela, eta hori ordainduta Donostiako akademia batera joan nintzen ile apainketa ikastera. Akademian oinarrizkoa ikasten da, baina gogoa baldin baduzu eta saltseroa bazara, bidaiatuz ikasten duzu gehienbat. Ni, esaterako, Londresen 20 aldiz egon naiz, New Yorken hiru, Los Angelesen bi, baita Dalasen eta Milanen ere, eta Madrilen zer esanik ez! Horrez gain, niri ere tokatu izan zait beste profesionalei formakuntza ematea. Leonen eman nuen formakuntza batean 300 pertsona inguruko taldea izan nuen. Saltsa horietan oso gustura aritzen naiz.
Ile apaintzaileen kasuan ezinbestekoa da etengabe joera berrietara egokitzea, ezta?
Noski. Orain ez da hainbeste hitz egiten moda kontuez, diseinatzaile batek esan zuen bezala, «moda hilda dago». Horregatik, ni, adibidez, munduko ile apaintzaile onenen atzetik ibili naiz, dirutza ordainduta, baina modu horretan, teknika ezberdinak ikasteko aukera izan dut. Lehen, puntak bakarrik mozten ziren eta mozketa guztiak patroi berdinekin egiten ziren, baina orain ez.
Zeintzuk dira zure erreferentek?
Vidal Sasson britaniarra eta Toni&Guy akademia.
Nola irudikatzen duzu etorkizuneko Kimetz?
Lokala estua eta luzea da, eta azken erreforman, pusketa bat kendu nion nire produktuak bertan ere saldu ahal izateko. Arkitektoei esan nien aspaldiko ametsa zela hori, eta hau altxorra izango balitz bezala tratatzea nahiko nukeela. Orduan, produktu bakoitzak armairu moduko bat du argitxo batekin. Kimetz, azkenean, ile apaindegia eta denda bat da, baina azken aldian Javier Jauregi izena ile apaindegiarena baino gehiago zabaltzen ari naiz.
Nondik dator Kimetz izena?
Kimetz izen propioa eta euskalduna izan arren, kimutik dator, alegia, landarea kimatu egin dela esan nahi du.