Komunitatea sendotzeko eta jarduera fisikoa sustatzeko asmoz, Bidania-Goiatzen eta Errezilen, Erronka komunitarioa egitasmoa martxan jarri zuten azaroan. Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitateak eta Aptes Teknologia Soziala Sustatzeko Elkarteak gidatu dute hilabete iraun duen egitasmoa, eta Ane Artetxe Ortigosa azken honetako kidea da. Gustura agertu da ekimenaren emaitzekin.
Erronka komunitarioaren datuak
-
Wellk aplikazioan 74 erabiltzailek eman dute izena. 20 parte hartzaile espero zituzten.
-
Gehienak Bidania-Goiatz eta Errezilgoak izan dira.
-
%40,5 emakumeak eta %55,4 gizonak.
-
Bataz besteko adina 55 urte. Hala eta guztiz ere, gazteen parte hartzea garrantzitsua izan da. Belaunaldi desberdinen arteko harremanak pisu handia izan du ekimenean.
-
Guztira 4.324 kilometro erregistratu dira, eta 544 jarduera desberdin egin dira.
-
Jarduera garrantzitsuenak oinez ibiltzea, luzaketak egitea eta korri egitea izan dira.
-
Egun indartsuenak larunbatak, igandeak eta asteazkenak izan dira.
Ane Artetxe Aptes-eko kidearen esanetan, Erronka komunitarioa hasieran ez zegoen aurreikusita: «Saiaz mankomunitatea gurekin harremanetan jarri zenean, teknologia eguneko zentroetara nola gerturatu aztertzea zen helburua. Gero, ordea, hor egin genuen lanketa guztia gizarteratzearen beharra ikusi genuen. Hor sortu zen Erronka komunitarioa, hasierako hausnarketa haren ondorio garrantzitsuena bezala».
Errezil eta Bidania-Goiazko eragile desberdinekin aritu dira lanean, tartean eskolarekin. Belaunaldien arteko elkarlanarekin oso gustura agertu da Artetxe, teknologia arrakala txikitzeko balio izan duelako elkarlan horrek: «Gure helburuetako bat, teknologiaren erabilgarritasuna agerian uztea zen, hau da, jendeak euren bizitzetan teknologia integratzea. Hori ikusi du jendeak, eta aplikazioak jaistera eta abar ausartu da. Liburutegian jarri genuen gune estrategikoa, zalantzak argitzeko, eta jendea gerturatu da. Beldur hori pixka bat murriztu da eta nire ustez oso positiboa izan da ekimena».
Ane Artetxek onartu du Erronka komunitarioa ekimen pilotua izan dela, baina teknologia arrakala hori murrizteko, beste eguneko zentroetara eta inguruneetara eramateko modukoa delakoan dago.