Maialen Irazusta izango da, aurrerantzean, Bidania-Goiazko alkatea

Ataria 2025ko urt. 8a, 13:33

Ezohiko bilkura izan du gaur goizean udalbatzak, eta aurrera egin du orain arteko Juan Inazio Zinkunegi alkatearen aurkako zentsura-mozioak.

Gaur goizean ezohiko osoko bilkura egin du Bidania-Goiazko Udalak eta gai bakarra izan dute hizpide: Juan Inazio Zinkunegi (Ibiri) alkatearen aurkako zentsura-mozioa. Ibiri taldeko kideek «gardentasun eza, koherentzia falta eta arazoei ez erantzutea» argudiatu dute mozioa aurkezteko. Eztabaidarako tartean bakoitzak gaiaren ikuspuntua adierazi ondoren, bozkatu egin dute eta aurrera egin du zentsura-mozioak: alde bozkatu dute mozioa aurkeztu duten Ibiri taldeko lau zinegotziek; kontra, alkateak; eta abstenitu egin dira Garai Berriak taldeko bi zinegotziak.

Hori horrela, aurrerantzean Ibiri taldeko Maialen Irazusta Sarasola izango da Bidania-Goiazko alkate berria. Irazustak adierazi du euren lehentasuna izango dela dagoeneko martxan dauden proiektuei heltzea eta horiek aurrera eramatea, besteak beste, udaletxea berritzeko lanak eta Goiazko ostatua berreraikitzeko egitasmoa. Era berean, gaineratu du jardunaren ardatzak izango direla «ahalik eta kudeaketa egokiena» eta «herritarren interesak defendatzea».

Bigarrena bi egunetan
Atzo ere ezohiko udalbatza izan zuten Bidania-Goiazko Udalean, eta 40 herritar ingururen aurrean alkateak bere desadostasunak adierazi zituen zentsura-mozioaren inguruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!