Bidania-Goiatzen eta Beizaman bederatzi haize errotako parke eolikoa eraikitzeko asmoa dute

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Elduaien-Guka 2024ko abe. 11a, 11:20

Bidania-Goiazko ikuspegi orokorra.

45-50 MWko potentzia duten 229,5 metroko bederatzi haize errota jarri nahi ditu Portugalgo Finerge enpresak bi herri horietan. Horrez gain, parke eolikora iristeko nahiz bere barruan zirkulatzeko sei errepide eraiki nahi ditu.

Portugalgo Finerge enpresak bederatzi haize errotako parke eolikoa eraikitzeko asmoa du Beizaman eta Bidania-Goiatzen. Sañu Bizirik plataformak Guka-ri bideratu dion txostenaren arabera, Saitec aholkularitza enpresaren bidez aurkeztu du Finergek proiektuaren aurrerapen txostena bi herri horietako udaletan. Beizamari dagokionez, hango lurretan 45-50 MWko potentzia izango luketen 229,5 metroko sei haize errota eraikitzeko asmoa du enpresak; gainerako hirurak, Bidania-Goiatzen kokatuko lituzkete.

Udaletan aurkeztutako txostenaren arabera, parke eolikoa bitan banatuko lukete; izan ere, goi-tentsioko linea elektrikoa igarotzen da gaur-gaurkoz lur horietatik. Nolanahi ere, zentralari buruzko xehetasun gehiago ere jaso dituzte txostenean, hala nola errota batetik besterako distantzia eta bakartutako etxeekiko nahiz errepidearekiko tartea. Dokumentuaren arabera, etxe batzuek oso hurbil izango lituzkete errotak; 300 metroko distantzia gorde dute etxebizitzekiko, baina haize errota bakoitzaren altuera 229,5 metrokoa dela kontuan izanda, oso gertu izango lituzkete etxeek eolikoak. Errepidea ere gertu izango luke errotetako batek, 344 metrora, hain zuzen. Erroten arteko distantzia laburrena, berriz, 652 metrokoa litzateke.

Jarraitu irakurtzen Guka.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!