Kultur astearen barruan, denetariko jarduerak aukeran

Aitor Arroyo Askarai 2024ko irailaren 25a

Atzo hasi zituzten Kultur astearen barruko jarduerak. ATARIA

Atzo hasi zuten Bidania-Goiatzen XXXIII. Kultur astea eta igandera bitarte izango dituzte, besteak beste, haurrei bideratutako jarduerak eta bertako ekoizleen azoka.

XXXIII. Kultur astea ari dira egiten, egun hauetan, Bidania-Goiatzen eta igandera bitarte antolatu dituzte jarduerak. Maialen Irazusta zinegotziaren esanetan, «herritar guztientzako» antolatu dute eskaintza eta urtero saiatzen dira hori bermatzen.

Atzo hasi zuten egitaraua, eta hurrengo jarduera ostiralean –irailaren 27an– izango dute, hain zuzen, Zuhaitz Gurrutxagaren Futbolistok bakarrizketa. Irazustak azaldu du iaz saiatu zirela hitzordua zehazten, baina ez zela posible izan. Zentzu horretan, Gurrutxagak zer kontatuko duen jakiteko «gogotsu» daudela ere kontatu du.

Asteburuko proposamenak
Larunbatean, hilaren 28an, egun osorako antolatu dute egitaraua. Goizean Erronka 2.0 jarduera izango dute, eta hori zer den? Bada, hainbat joko prestatu dituzte haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat. Irazustaren hitzetan adin askotako herritarrak elkartzea eta «goiz polit bat» pasatzea da asmoa.

Arratsaldean, berriz, Alex Txikon mendizaleak hainbat jarduera prestatu ditu herriko txikienentzat eta, ondoren, helduentzako hitzaldia emango du: Manaslu eta Anapurna (neguan). Bi hitzorduak eskolan izango dira.

Asteko azken egunean, igandean, berriz, bertako ekoizleen azoka egingo dute Goiazko plazan. Hainbat diziplinatako artisauek euren postuak jarriko dituzte eta, horiez gain, beste bi postu «berezi» ere izango dira: batetik, herriko Kukuri kultur taldeak taloak egiteko postu bat jarriko du; eta, bestetik, urtero bezala postu bat jarriko dute herritarrek eurak egindako produktuak jar ditzaten, besteak beste, barazkiak eta etxean egindako postreak.

Azokari dagokionez, aurten ekoizleak lortzea «pixka bat» kosta zaiela aitortu du Irazustak: «Egun berean azokak egingo dituzte eskualdeko beste bizpahiru tokitan, eta horrek zaildu du ekoizleak lortzea». Dena dela, gogobeteta hitz egin du lortutako ekoizleen inguruan eta «azoka polita» izango dela aurreikusten du. Aurrera begira, berriz, abendura bitarte hilabetean jarduera bat antolatzeko asmoa dutela ere iragarri du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!