Hasi dira hondakinak erretiratzen Goiazko ostatuan eta inguruan

Aitor Arroyo Askarai 2024ko uztailaren 24a

Lanak direla-eta, moztuta dago errei bat eta semaforo bat jarri dute trafikoa kudeatzeko: txandaka pasa behar dute ibilgailuek; obra aste honetan bukatzea aurreikusten dute.

Joan den apirilean sutea izan zen Goiazko ostatuan, eta kalteak eragin zituen eraikinean, tabernan, jatetxean eta etxebizitzan. Ordutik itxita egon da, eta aste honetan hasi dira hondakinak jasotzen. «Erretako egurrak kendu eta eraikinaren kanpoaldean geratu diren beste zenbait hondakin jasoko dituzte. Horrez gain, txukuntze lantxo bat ere egin behar da paretak babesteko», horrela hitz egin du Bidania-Goiazko Juan Inazio Zinkunegi alkateak obraren inguruan.

Lanen izaera dela-eta, irauten duten bitartean moztuta egongo da errei bat ostatuaren pareko errepidean. Trafikoa kudeatzeko semaforo bat jarri dute, eta txandaka pasa beharko dute ibilgailuek. Dagoeneko martxan dira, eta eginbeharrak aste honetan bukatzea aurreikusten dute.

Lanen nondik norakoak
Ingurua garbitzeaz gain, eraikinaren paretak babestea dute helburu lanek, eta 20.000 euroko aurrekontua prestatu dute horretarako.

Aurrera begira, berriz, alkateak azaldu du «aztertzen» ari direla zein aukera dituzten eta «lanketa handia» izango dela aurreikusten du: «Proiektu bat egin beharko da, ondo findu... Herrian kontsulta egiteko asmoa ere badaukagu, herritarrek adieraz dezaten zein aukera iruditzen zaien egokiena». Dena dela, horiek «aurrerago» etorriko diren pausoak direla ere nabarmendu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!