Bidaniko jaiak 2024

Bost egunez, aspertzeko tarterik gabe

Endika Apalategi Labayen 2024ko abuztuaren 19a

Abuztuaren 21etik 25era San Bartolome jaietan murgilduko dira bidaniarrak, eta aurten ere azken urteetako hitzorduak mantentzearen aldeko apustua egin dute.

Bost egunetan, San Bartolome jaietan murgilduko dira bidaniarrak. Umeen jolasekin eta txupinazoarekin batera emango diete jaiei hasiera Bidanian. Lehen egunean zehar, txikiteo herrikoia egingo da trikitilariek alaiturik, eta gauean, herri afaria eta Muxutruk taldearekin gozatzeko aukera izango da.

Bigarren eguna, kirol ikuskizunez eta bertsolariekin gozatzekoa izango da. Herriko umeak eskuz eta palan jokatuko dituzte partidak lehenik, eta ondoren, helduen txanda izango da. 22:30ean emango zaio hasiera bertso jaialdiari, eta egunari itxiera emateko, Izer eta Alabierren erromeria izango da entzungai.

Abuztuaren 23a, larunbata, III. Paella Lehiaketarekin hasiko da. Arratsaldean, Ttek elektrotxarangak alaituko ditu Bidaniko kaleak, eta gauean berriz, Bidaniko gazteak legazpiarren aurkako desafioan lehiatuko dira.

Larunbatari ekiteko, herriko dantzarien saioa egingo da 11:30ean. Arratsaldean, mus txapelketak hartuko die dantzariei erreleboa, eta behin txapelketa amaituta, sagardo afaria egingo da jendearen zintzurrak bustitzeko. Gauean, Gabezin taldea eta DJ Hidalgo izango dira oholtza gainean musikari lanetan.

Azken egunean, jai guztietan pilatutako ajeari buelta ematen hasteko, txapelketaz, desafioaz eta herri kirolez beteriko eguna izango dute Bidanian. Ikusmin handiena Bidaniko eta Tolosako gazteen arteko desafioak piztuko du herritarren artean.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!