Goiazko jaiak 2024

Kirolaren esentzia duten jaiei muzin egin gabe

Endika Apalategi Labayen 2024ko abuztuaren 13a

Abuztuaren 14tik 16ra ospatuko dituzte festak goiaztarrek; Illaungo mendi igoera lasterketarekin hasiko dituzte, eta aurtengoan ere, kirola izango da amabirjinetako protagonista.

Aurtengo amabirjinak, azken urtetako festarik laburrenak izango dituzte Goiatzen. Amabirjin bezperan hasi, eta abuztuaren 16a bitarte, hiru eguneko festan murgilduko dira. Aurtengoan, mendi bizikleta irteera egitarautik kanpo utzi eta Illaungo mendi igoera lasterketa egingo da estreinakoz, 17:00etan hasita. Lasterketa Goiazko plazan hasi, eta korrikalariek 4 kilometroko ibilbidea burutu ostean, Goiatzen «hain maitea» duten Illaungo gurutzean amaituko dela aipatu du Joseba Senperena antolatzaileak. Bestalde, lehen egunean, mendi lasterketa amaitu bezain pronto, suziria jaurti eta herri afaria egingo da frontoian. Herritarrek bapo jan ostean, DJ Naza arduratuko da Goiazko jaien lehen gaua ordu txikietaraino luzatzen bere musikarekin.

Amabirjin egunean ere, kirola izango da jaietako protagonista. Herri kirol desafioa egingo baita Larraul, Bidania-Goiatz eta Berastegi herrien artean. Urteroko ohiturekin jarraituz, aurten ere jende ugari hurbilduko delakoan dira antolatzaileak. Gauean berriz, erromeriaren txanda izango da Laja eta Lutxurdiorekin. 

Azken egunean, haurrei begirako ekitaldiak izango dira hizpide. Goizean, ume jolasak egingo dira eta arratsaldean berriz, herriko gaztetxoen eskupilota partidak jokatuko dira. Hiru eguneko jaiei amaiera emateko, Maltzeta eta Arbeok girotutako sagardo dastaketa, eta Bide-Batez taldearen kontzertua egingo dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!