Parke berria dute Bidania-Goiatzen

Aitor Arroyo Askarai 2024ko maiatzaren 29a

Parke berria «material naturalekin» egin dute, eta hiru urtetik aurrerako haurrek eta gazteek erabili ahal izango dute.

Bidania-Goiatzen parke berria estreinatu dute. Aurretik erabiltzen ez zen belardi bat zen, eta Maialen Irazusta zinegotziak kontatu du eraikitzea erabaki zutela Goiatzen ez zegoelako parkerik eta haur «dezente» zeudelako.

Era berean, Irazustak kontatu du ez dela «ohiko» parke bat. Bidanian beste bi «parke tradizional» badaudela-eta, azken hau «beste estilo batekoa» izatea nahi zuten: «Hainbat ume koskortu dira dagoeneko, eta ikusita bizikletan eta patinetean ibiltzen direla, horretarako gune egoki bat sortzea erabaki dugu». Hiru urtetik aurrerako haurrek eta gazteek erabiltzeko dago diseinatuta parkea.

Ezaugarri teknikoak
Egurra erabili dute, batik bat, espazio berria eraikitzeko eta horrek ere badu bere arrazoia: «Egurrezkoa da, horrela, naturalagoa delako eta ingurugiroan integratuta egotea ere errazten duelako». Material naturala bada ere, egurra kanpoalderako «propio prestatuta» dagoela ere nabarmendu du Irazustak.

Parkea egiteak, guztira, 10.000 euro inguruko kostua izan du, eta Maderplay enpresa nafarra arduratu da lanez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!