Miel Mari Jauregi eta Alaitz Imaz izan dira lehen jardunaldiko irabazleak

Leyre Carrasco 2024ko maiatzaren 26a

Euskal Herriko XV. Bakarkako Sega Ligari hasiera eman diote goizean, Goiazko Arretxeko belardian, eta zaldibiarra eta hernialdearra izan dira sailkapenaren buru jarri direnak.

Goizean eman diote hasiera Almitza Sega Elkarteak antolatutako Euskal Herriko XV. Bakarkako Sega Ligari. Goiazko Arretxeko belardian egin dute lehen ekitaldia, eta Miel Mari Jauregi Altzo zaldibiarra eta Alaitz Imaz herdialdearra izan dira lanak txukun eta azkarrenak amaitu dituztenak.

Gizonezkoetan Mikel Lizartza tolosarra eta Amaiur Arrospide leaburuarra izan dira atzetik, eta ondoren, horrela geratu da sailkapena: Oier Urkola anoetarra, Julen Gabirondo, Josu Mendizabal, Manex Olaiz, Iñigo Etxabe belauntzarra, Oier Mitxelena eta Mattin Etxarri.

Emakumezkoetan, berriz, Luixa Uzkudun leaburuarra eta Ainara Otamendi ibartarra izan dira atzetik, eta ondoren, horrela izan da sailkapena: Ainhoa Mazkiarain, Susana Lopez, Jugatx Agirre berastegiarra, Sheila Sarasola lizartzarra eta Uxue Iruretagoiena.

Beteranoetan bi segalari aritu dira. Pabi Astondoa izan da azkarrena eta bigarren, berriz, Joakin Garmendia anoetarra. Gaztetxoetan bi kategoria daude. Helduetan Harri Mitxelena izan da azkarrena,eta atzetik izan ditu Inge Goikoetxea, Nahia Aranzabe Alkiza, Iune Mikeo Sanchez, Aner Zunzunegi eta Xuban Gartzia Arias. Txikien mailan, berriz, Izar Mendizabal jarri da lehena, eta atzetik, Irati Tome, Haizea Larrañaga, Mari Olazar, Xare Iriondo eta Claudia Pellus geratu dira.

Hurrengo saioa ekainaren 8an, Udaben izango da, eta azken saioa, berriz, ekainaren 30ean, Legorretan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!