Igandean abiatuko da Euskal Herriko XV. Bakarkako Sega Liga

Ataria 2024ko mai. 23a, 11:00

Iazko sega ligan, Altzon egin zen saioaren une bat.

Goiatzen egingo da lehenengo saioa, Arretxeko belardian. Guztira 41 parte hartzailek eman dute izena sega ligan, horietatik 21 eskualdekoak.

Igande honetan, maiatzaren 26an, emango diote hasiera Euskal Herriko XV. Bakarkako Sega Ligari. Goiatzen izango da lehen ekitaldia, Arretxeko belardian, 11:30etik aurrera. Denera 41 segalarik eman dute izena aurtengo ligan parte hartzeko eta ondorengo mailatan banatuko dira: emakumezkoetan 12 segalari, gizonezkoetan 14 segalari, beteranoetan bi segalari eta gaztetxoetan 13 segalari.

Emakumezkoek 35 metro karratuko saila (5x7 metro) moztu beharko dute, eta eskualdetik bost segalari ariko dira parte hartzen: Jugatx Agirre berastegiarra, Luixa Uzkudun leaburuarra, Sheyla Sarasola lizartzarra, Alaitz Imaz hernialdetarra eta Ainara Otamendi ibartarra.

Gizonekoetan 100 metro karratu (10x10 metro) moztu beharko dute, eta parte hartzaileen artean bost segalari eskualdekoak dira: Oier Urkola anoetarra, Mikel Lizartza tolosarra, Amaiur Arrospide leaburuarra, Gorka Bildarratz tolosarra eta Iñigo Etxabe belauntzarra. Beteranoetan 50 metro karratuko (5x10) saila izango dute, eta parte hartzaileetako bat Joakin Garmendia anoetarra izango da.

Gaztetxoetan bi kategoria daude. Helduek 20 metro karratuko (4x5 metro) saila ebakiko dute, eta zazpi parte hartzaileetatik bost gazteluarrak dira: Inge Goikoetxea, Lorea Zunzunegi, Xuban Gartzia, Aner Zunzunegi eta Nahia Aranzabe. Txikien mailakoek 14 metro karratu (3,5x4 metro) moztu beharko dute, eta sei parte hartzaileetatik bost gazteluarrak dira: Haizea Larrañaga, Xare Iriondo, Irati Tome, Mari Olazar eta Claudia Pellus.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!