Bakarkako XV. Sega Liga maiatzaren 26an hasiko da Goiatzen

Ataria 2024ko maiatzaren 9a

Aurreko urtean lehenengo jardunaldia Etxalekun egin zen.

Dagoeneko irekita dago izena emateko epea, eta maiatzaren 15ean bukatuko da.

Maiatzaren 26an jarriko da abian Goiatzen Euskal Herriko Bakarkako XV. Sega Liga. Guztira hiru saio izango dira; bigarrena, ekainaren 8an, Udaben (Basaburua, Nafarroa) izango da, eta hirugarrena ekainaren 30ean, Legorretan.
 
Emakumezkoek 35 m2-ko saila (5 metro x 7 metro) moztu beharko dute, gizonezkoek 100 m2-koa (10 metro x 10 metro), eta beteranoek 50 m2-koa (10 metro x 5 metro). Gazte eta haurren sailen neurriak izena eman duten gazteen araberakoak izango dira. Belar sailak ahal den azkarren eta txukunen moztu beharko dira, eta txukuntasuna denbora zigorrez epaitzen da, hau da, mozteko behar izan den denborari zigor-denbora batzen zaio. 
 
Almitza Sega Elkarteak antolatzen du liga, bertan izena emateko aukera irekita dago eta maiatzaren 15era arte luzatuko da epea. Izena emateko, almitzasega@gmail.com helbidera idatzita jarri daiteke elkartearekin harremanetan.
 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!