Azpeititik Bidania-Goiatzera joateko errepideko seinaleztapena hobetuko dute

Ataria 2024ko maiatzaren 8a

Irune Berasaluze Foru Aldundiko bozeramailea, gaurko agerraldian. Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak GI-3740 errepideko seinaleztapena hobetzeko proiektua onartu du.

Azpeititik Bidania-Goiatzera Urraki gainetik doan GI-3740 errepideko seinaleztapena hobetzeko proiektua onartu du Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak, eta Bide Azpiegituretako sailak lizitaziora aterako du. Errepide horren seinaleak eta balizak egokituko dituzte Bidania-Goiatz, Errezil eta Azpeitia herrien artean, bide-zati horren segurtasuna hobetzeko. «Zehazki, seinale bertikalak eta baliza-panelak aldatuko dira, indarrean dagoen araudira egokitzeko eta, horrela, ibilgailuen zirkulazioa errazteko», esan du Irune Berasaluze Foru Aldundiko bozeramaileak. «Oriako eta Urolako ibarretako industrialdeetako langileen sarrera eta irteera orduetan, zirkulazio intentsitate handia egoten da errepide zati horretan, 1.200 ibilgailu inguru egunean. Hori dela eta, foru aldundiak beharrezkotzat jo du lan horiek egitea», gaineratu du.

Lanen ondorioz aurrerantzean zirkulazioaren gehieneko abiadura 70 kilometro ordukoa izango da eta lanek 15 asteko iraupena izango dute. Aurrekontua 327.342,99 eurokoa da (BEZa barne).

 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!