«Kalte izugarria» Goiazko ostatuan

Aitor Arroyo Askarai 2024ko apirilaren 29a

Joan den ostiralean piztu zen sua Goiazko ostatuan eta eraikina, taberna, jatetxea eta bertako etxebizitza kaltetu ditu.

Joan den asteko ostiralean piztu zen sutea Goiazko ostatuan. Suhiltzaileak bertaratzerako «kalte handiak» eragin zituen suak eraikineko hainbat eremutan: tabernan, jatetxean eta etxebizitzan; sua ez zen alboko eraikinetara pasa.

Gaur goizean bertaratu dira teknikariak, aseguru etxeetako langileak eta ertzainak, eta horien txostenak argituko luke nola sortu zen ezbeharra. Juan Inazio Zinkunegi Bidania-Goiazko alkateak azaldu du «txostenen zain» daudela, eta ondoren erabakiko dutela udaletxetik «zenbat eta nola» emango duten. Dena dela, eraikina berreskuratzeko intentzio «oso-osoa» dutela ere nabarmendu du: «Aurrera begira ez dago zalantzarik hau bere onera ekartzeko eginahalak egingo direla, atzera lehen zegoen bezala uzteko».

Haren hitzetan, «inpaktu handia» izan du gertakariak herrian, eta «luzerako» joango da: «Kalte materialak, esan gabe doa, larriak direla; baina, horrez gain, balio handiko eraikina da: garai batean Goiazko udaletxe ere izan zen. Herrian kalte izugarria sortu du honek, bai materiala, bai morala».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!