Igandean jokatuko dituzte pilota egokituko finalak

Ataria 2024ko martxoaren 26a

Zarauzko finalaren aurkezpenean Senperena eskuinean, behean. ATARIA

Hirugarren finala izango du Aingeru Senperena goiaztarrak; eta Edorta de Anta lekunberriarrarekin osatuko du bikotea.

Igandean, martxoaren 31ean, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko dituzte Euskal Pilota Egokituko Sari Nagusiko finalak. Gurpildun aulkiko modalitatean txapela bereganatzeko hirugarrenez lehiatuko da Aingeru Senperena goiaztarra, eta Edorta de Anta lekunberriarra izango du lagun.

Nor baino nor gehiago, berriz, Beñat Lizaso eta Asier Navaridas izango dituzte. Partidan izango diren jokalari guztiak izan dira, aurretik, beste finalen batean, eta Lizaso da joan den urteko finala jokatu zuen bakarra.

Finalerako bidea
Bi bikoteek aise egin dute aurrera txapelketako taldekako fasean, eta finalerdietan ere nagusitasunez gailendu ziren: Senperenak eta de Antak hamabost eta lau puntuko markagailuarekin kanporatu zituzten Sergio Rodriguez eta Gorka Alvarez. Lizasok eta Navaridasek, berriz, hamabost eta hiru punturekin itxi zuten markagailua Joseba Lasa eta Manuel Quesadaren aurka.

Partiden orain arteko emaitzak eta bikoteek erakutsi duten maila ikusita, finala gogorra izatea espero da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!