«Ilusio handiz eta gogotsu nago»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko aza. 8a, 11:58

Zazpitik bost zinegotzi lortu dituzte, eta talde berriak herrian «oso harrera ona» izan duelakoan dago alkatea.

Aurretik zinegotzi izan bada ere, lehen aldia izango du alkatetzan Juan Inazio Zinkunegik (Bidania-Goiatz, 1958). Talde berriak «oso harrera ona» izan duela aipatu du, eta datorrenari heltzeko «ilusioz eta gogotsu» azaldu da. Aurrera begira herriko gazteen nahiak betetzea dute helburu, baina «gainerako herritarrak ere ahaztu gabe».

Lehen agintaldia izango duzu. Nola sentitzen zara datorrenari heltzeko?

Alkate bezala aurrenekoa dut, baina gaztetan zinegotzi ere aritu nintzen. Ilusio handiz eta gogotsu nago. Oso emaitza onak jaso genituen hauteskundeetan; taldea osatu zen hiruzpalau hilabetetan, zazpitik bost zinegotzi atera ditugu, eta oso harrena ona izan du. Horrek ere ematen dit ilusioa. Eta gogo faltarik ez dut, saltsa beti gustatu izan zait.

Nolakoak izan dira lehen asteak?

Hasiera oso mugitua izan da. Udalera sartu eta berehala energia berriztagarrien gaiari heldu genion. Postura bat hartu behar izan genuen eta, ondorioz, alegazioak aurkeztu genituen Eusko Jaurlaritzan. Horrek asko mugiarazi gintuen eta karga handia izan zen, baina taldeak oso ondo erantzun zuen. Alegazioa aurkeztu genuen batik bat esanez ez geundela konforme ez tamainarekin, ez prozesuak daraman bide administratiboarekin. Ez gaude ados egiten ari diren kudeaketarekin, bidea nahiko ezkutukoa dela iruditzen baitzaigu. Tamainari dagokionez, herriko lurrei eragiten die eolikoen proiektuak; horien tamaina iruditzen zaigu esajerazio bat dela eta lekuz kanpo dagoela. Hori gutxi ez, eta Bidaniko lur sail onenetako bat –baserri on bat barne– plaka fotovoltaikoz bete nahi dute.

Maila pertsonalean nola daramazu alkate izatea?

Lantokia utzita egon arren, betidanik gustatu izan zait herrigintzan inplikatzea. Momentu honetan 65 urte ditut, baina oraindik ez naiz erretiratu: esan daiteke %75ean inplikatu naitekeela. Eta gogoa eta nahia soberan ditut, beraz, gogotsu.

Zeintzuk dira legealdi honetarako proiektu nagusiak?

Gure herri programa hor dago, aurkeztu genuen; eta hori betetzea gustatuko litzaidake. Batez ere, herriko gazteen nahiak betetzen saiatuko gara, hala nola etxebizitza, kirol instalazioak… Nahiko eskasak dira, eta egoera kaxkar samarrean daude. Ari gara azterketa batzuk egiten eta hobetzen saiatuko gara. Hori dena, noski, gainerako herritarrak ahaztu gabe. Bidania-Goiazko herriguneak osatu eta txukundu nahiko genituzke. Goiatzen, esate baterako, garai batean eskola zein eraikinean komun publiko bat jarri nahi dugu, eta Bidaniako plaza ere txukunketa on baten beharrean dago. Bi horiek, behintzat, oso aintzat hartuko ditugu.

Zein zailtasun aurreikusten dituzue datozen lau urteetan?

Zailtasunak beti egongo dira. Herriko bideen inbentarioa martxan jarrita dago, eta ondo bukatzeko zailtasun bat edo beste egongo da. Ahalik eta zailtasun gutxien edukitzea gustatuko litzaidake, eta ea hala izaten den. Esan beharra dago zazpi zinegotzirekin osatutako udala dela hau, eta denak independenteak dira. Zazpi buru dira, bakoitza bere ideiekin. Guztiak hartu behar dira aintzat, eta hori bera nahiko erronka potoloa da. Oso giro onean hasi gara, eta legealdia horrela bukatzea gustatuko litzaidake.

Zer eskatuko zenieke herritarrei?

Ez zait asko gustatzen herritarrei eskatzea, baina zerbait esatekotan parte hartzeko eskatuko nieke. Udalarekin neronek beti eduki dut agian interes gehixeago, baina bakoitzak ahal duen horretan eman dezala berea. Eta ez dezatela erreparorik izan bertara azaltzeko ere. Udaletxe hau bidaniarrek eta goiaztarrek osatzen dugu, denon udala da eta denon beharra du aurrera egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!