Kultur astea ospatzen, Bidania-Goiatzen

Irati Saizar Artola 2023ko ira. 21a, 11:00

‘Kanpora sartzen’ antzezlana ikusteko aukera izango da, bihar, 19:30ean, eskolan; igandeko azokarekin amaituko dute astea.

Asteartean eman zioten hasiera XXXII. Kultur asteari, Bidania-Goiatzen. Igandera bitarte luzatuko dituzte askotariko ekintzak eta azoka egunarekin amaituko dute egitaraua. 

Asteartean, eskolako haurrak eguneko zentrora joan ziren eta hango erabiltzaileekin eskulanak egin zituzten. Jarraian, txokolatea jateko tartea hartu zuten. Bihar, berriz, Xabin Fernandezek eta Intza Alkainek Kanpora sartzen antzezlana eskainiko dute 19:30ean, eskolan. Lehen pertsonan idatzitako istorioa da: Fernandezek 2013an jakin zuen seropositiboa zela eta hamar urte beranduago bere eta birusaren arteko harremanaz hitz egitera dator. 

Egun betea datorkie larunbatean. Lokaleko gazteek haur, gazte zein helduentzako Erronka prestatu dute, jolasen bidez egindako lehiaketa bat antolatuz.  10:00etan izango da. Arratsaldean, 16:00etan, bizikleta zirkuitua jarriko dute etxeko txikientzat frontoian. Bizikleta izango da arratsaldeko protagonista, 18:00etan Bikeshow Trial erakustaldia egingo dutelako Irene Caminos eta Javi Alonsok, frontoian. 

Afaria egingo dute ondoren eskolan, 20:00ak aldera. Norberak bere jana eman beharko duela zehaztu du Maialen Irazusta zinegotziak eta edaria bertan egongo dela. Gaua luzatuko dute, Alurr dantza taldeak eskainiko duen Laia ikuskizunarekin. 21:45ean izango da, frontoian. 
Igandean, azoka egingo dute, Goiatzen. 11:30ean zabalduko dute azoka eta besteak beste, hamar postu inguru jarriko dituzte, Goiazko plazan. Balerdipeko erleak, Berroeta ogia eta gazta, Ez da bide txarra eta Felix Munduan modako arropak, Izaskun Iraola jostuna, Natalia metalezko artsiautza, Sojonatura kosmetika, Sualmna egurrezko jostailuak eta herritarrek jarritako postuak hartuko dute lekua plazan. 

Herritarrek jarritako postu horretan, barazkiak edota etxeko postreak jarriko dituzte salgai, eta lortutako dirua Kukuri kultur taldeak erabiliko du, herritarrentzat edozein ikastaro prestatzeko. 

Azokak irauten duen bitartean, sardina erreak eta taloak dastatzeko aukera egongo da, txakolina eta sagardoaren laguntzaz. Musika zuzenean jotzen arituko dira Alaitz Aramendi eta Garazi Zubizarreta trikitilariak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!